Ur Handitan
22:30ean
Durangoko Azoka izango du hizpide "Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" saioak gaur
EITB
Xabier Madariagak aurkeztuta, Azokaren hastapenak, oraina eta geroa izango dituzte hizpide hainbat protagonistaren eskutik.
Gaur gauean, Durangoko Disko eta Liburu Azokaren historia izango du hizpide "Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" programak. Xabier Madariagak aurkeztuta, 22:30ean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.
Durangoko Liburu eta Disko Azokak 55 urte bete ditu aurtengo edizioan. Nolanahi ere, Azoka historiko bezain berezia suertatu da, COVID-19aren pandemiak Azoka birtualki egitera behartu baitu lehen aldiz. Euskal kulturgintzaren erreferente nagusi bilakatu den Azokak, ordea, hori du bertute, bere ibilbide gorabeheratsutik beti indartsu irteten jakitea, alegia.
1965eko urriaren 30ean egin zuten lehen edizioa Durangoko Andra Mari Basilikaren arkupeetan. Jose Luis Lizundia izan zen lehen azoka xume haren sortzaileetako bat. Francoren diktaduraren hondarreko urteak ziren, eta erregimen itogarri haren zirrikituetatik arnasa hartzen hasi ziren poliki-poliki euskara eta euskal kultura. Nerea Mujikak atzo balitz bezala gogoratzen du 5 urte zituelarik amaren eskutik bizi izan zuen lehen azoka egun hura.
Arantxa Urretabizkaia idazlea 1970eko ediziora joan zen lehen aldiz Ramon Saizarbitoria eta Ibon Sarasolarekin batera. Azoka egunaren bezperan, udaltzainek LUR argitaletxearen hainbat kartel kalean jartzeagatik atxilotu zituzten. Ez ziren garai errazak, euskara batuaren inguruko gatazkaren harira. Azokatik bertatik ez zieten parte hartzen utzi nahi izan.
1974an, Azoka lekuz aldatzera behartu zuen Bizkaiko gobernadore zibilak. Lazaro Milikua Azokako antolatzaileak kontatu duenez, jokaldia gaizki irten zitzaion erregimenari, espazio berriak, merkatu plazak, jende gehiago erakarri besterik ez baitzuen eragin.
Franco hil ondoren, Zabal-Elkar argitaletxeko kide ziren Jokin Apalategi eta Maite Idirin hasi ziren Iparraldetik Durangora joaten, baita euskal kulturaren eztanda horren lekuko eta protagonista izan zen Anje Duhalde ere.
Antton Valverdek betidanik izan du lotura estua Azokarekin, baina, batez ere, 1990ekoa du gogoan, Xabier Leterekin batera jo baitzuen bere bizitzako kontzertu hunkigarrienetako bat. Jon Irazabal Azokako antolatzaileak ere gogoratzen du Leteren berragerpen hark sortu zuen zalaparta. 1990eko abenduko egun horietan hasi zuen Egunkariak bere ibilbidea. Juan Luis Zabala kazetaria Kultur Sailean zegoen orduan, eta une horiek bere bizitzaren mugarritzat ditu.
Urtez urte sendotzen joan da Durangoko Azoka, eta 2003. urteaz geroztik Landako gune modernoan antolatzen da. Ordutik, Garazi Arrula Txalapartako editoreak eta Miren Narbaiza musikariak egutegian gorriz seinalatuta dituzte Durangoko Azokaren urteroko egun horiek. Beste modu batean bada ere, aurten ere presente egongo dira. Arantza Atutxa Azokako kudeatzailea buru-belarri ibili da "Zu non, han DA!" leloa duen aurtengo edizio historikoa antolatzen.
"Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" astearteetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.