Ur Handitan
#EKIN_etenZiberbulliga
Matxismoa eta sare sozialak, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan
EITB Media
Bestalde, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin eta Esti Linares sareetako indarkeria matxistari buruzko adituarekin gaiaren inguruko mahai-ingurua egin dute, Gasteizko Ekialde II institutuan.
Gaurko "Ur Handitan" saioak matxismoa eta sare sozialak aztertuko ditu Matxismoaren sarean atalean. Gazteak dira sare sozialak gehien erabiltzen dituztenak, harremanak izateko, komunikatzeko, edukiak partekatzeko eta ligatzeko, besteak beste. Zenbat ordu egiten dituzte egunean sare sozialetan? Bizitza publikoaren eta pribatuaren arteko muga gainditu dute? Ohikoa da emakumeek eraso matxistak jasatea sareetan? Zein motatako erasoak jasaten dituzte? Normalizatuta dago indarkeria hori? Gazteen bizipenetan oinarrituta, Xabier Madariaga kazetariak gidatutako saioak gaia aztertuko du, EITBk aste honetan martxan jarri duen #EKIN_etenZiberbullinga kanpainaren baitan.
Horretarako, Itsaso Cañada Peña sexologoak tailerra antolatu du atal honetako sei gazte protagonistekin: Omra El qrich Lamghari, Irati Erauskin Perez, Enara Vaquero López, Oritz Barrenetxea Mangas, Asier Gomez Elorza eta Iker Martin Varas.
Sare sozialetan eraso eta jokabide matxista anitz jasaten dituztela aipatu dute emakumeek: emakume izate hutsagatik epaitzen dituztela, sexualizatu egiten dituztela, eskatu gabe edota nahi izan gabe zakilen argazkiak bidaltzen dizkietela, gorputza erakusten duten argazkiek arrakasta handiagoa izaten dutela, baimenik gabe partekatu izan dituztela beraien argazkiak gizonezkoen taldeetan, emakumeen gorputzaren inguruko irudi hegemoniko bat sortzen dela sareetan eta horrek presio handia eragiten diela... Jarrera eta eraso hauen guztien aurrean nola jokatzen duten eta nola sentitu diren kontatuko dute. Mutilek, berriz, onartzen dute inoiz eraso horietan partaide izan direla.
Estibaliz Linares Bahillo aditua da sareetako indarkeria matxistan. Ikertzaile honen ustez, konponbidea ez da sare sozialei eta Interneti bizkarra ematea eta gaztetxoenei erabilpena ukatzea. Fokoa hezkuntzan jarri beharko litzatekeela azalduko du, sareen erabilera egokia nola egin eta bertan gure emozioak nola adierazi erakutsi behar zaiela gazteei.
Saioa amaitzeko, sare sozialen alde onak ere azpimarratu eta aipatuko dituzte, mugimendu eraldatzaile eta indartsu baten alde erabiltzeko tresna egokiak baitira. "Ur Handitan" astearte gauetan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.
Mahai-ingurua Gasteizen
"Ur Handitan" saioren lantaldeak atalaren aurrestreinaldia eskaini du gaur goizean, Gasteizko Ekialdea II Bigarren Hezkuntzako Institutuan, batxilergoko ikasleak gonbidatu izan dituztela. Bertan, Xabier Madariagak gidatutako mahai-ingurua egin dute, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin eta Estibaliz Linares sareetako indarkeria matxistari buruzko adituarekin. Ekitaldia "Ur Handitan" saiaoren webgunean ikusgai dago jada eta EITBren Youtubeko kanalean.
"Ur Handitan" saioaren denboraldi berriak hainbat berritasun ekarriko ditu. Besteak beste, hiru atalen aurrestreinaldiak eskainiko ditu lantaldeak Euskal Herriko hainbat tokitan. Helburua da saioan landuko dituzten edukiak herritarrengana hurbiltzea eta programako lantaldearen eta publikoaren arteko hartu-emana sustatzea.
#EKIN_etenZiberbullinga
Astelehenean, martxoak 21, EITB taldeko hedabideek (telebista, irratiak eta Internet) #EKIN_etenZiberbullinga kanpaina jarri dute abian, eta aste osoan zehar, Internet bidezko gazteen jazarpenari buruzko informazioa eta eduki bereziak eskainiko dituzte.
Teknologia berrien eta sare sozialen erabilerak dakartzaten arriskuen artean, bereziki garrantzitsua da ziberbullinga, gazteen artean batez ere. Izan ere, adituek ohartarazi dute gazteen % 70ak ziberjazarpen motaren bat jasan izan duela.
Datu horien aurrean, EITBk bere gain hartu du ziberbullingarekin lotutako arazoak aztertu eta horiei buruzko informazioa zabaltzeko ardura, euskal gazteen artean praktika horien arriskuei eta irismenari buruzko sentsibilizazio kanpaina bultzatuz. Horretarako, #EKIN kanpaina jarri du martxan, euskal gizartea kezkatzen eta eragiten duten arazoetan arreta jarriz, eta haien aurrean ekiteko beharra azpimarratuz, gizartea eraldatu eta hobetzeko.