Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Gazteak eta buru-osasuna hizpide, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan

EITB Media

Hainbat gazterekin buru-osasunaz hitz egiteko aukera izan du Xabier Madariagak 'Beste pandemia' izeneko atalean. Telebistako emisioaren aurretik aurrestreinaldia eta mahai-ingurua egingo dute Donostiako Santo Tomas Lizeoa ikastetxean, eta solasaldia eitb.eus-en jarraitu ahalko da, 12:00etik aurrera.

0:30
Aitziber Garmendia aktorea

Beste pandemia izenburupean, koronabirusak ekarritako egoerak gazteen buru-osasunean nola eragin duen jorratuko du gaurko "Ur Handitan" saioan, Xabier Madariagaren eskutik.

Bi urte bete dira Euskal Herrian covid-19 gaitzaren izurritea hasi zenetik. Ordutik, depresio eta antsietate kasuak hirukoiztu egin dira. Arreta psikiatrikoa jaso duten gazteen kopurua %50 handitu da, eta 15-29 urteko gazteen artean suizidioa da heriotza-kausa nagusia. Antsietatea, depresioa, ezintasuna, larritasuna... Azkenaldian argitaratu diren hainbat ikerketak aditzera eman dutenez, gazteak dira koronabirusaren ondorio psikologikoak gehien pairatzen ari direnak. Hainbat gazterekin buru-osasunaz hitz egiteko aukera izan du Xabier Madariagak.

Aitziber Garmendia aktorearen bikotekideak bere buruaz beste egin zuen duela 15 urte, eta Aitziberri ezinezkoa izan zaio 14 urtez suizidio hitza publikoki erabiltzea. Suizidioaz eta buru-osasunaz hitz egitearen garrantzia azpimarratu du elkarrizketan.

Unai Alberdi 25 urteko gaztearekin ere egon da Xabier. 18 urte zituela bere buruaz beste egiten saiatu zen. Helburu guztiak bete ezin izateak beldurra ematen zion, frustrazioa, eta horrek, mina eta depresioa. Gertukoenekin bere suizidio saiakeraren inguruan hitz egiten ahalegindu izan denean, deserosotasuna nabaritu duela ere kontatu du; eta egoera horiek ekiditeko eta epaitua ez sentitzeko, gertatutakoa ezkutatu eta gezurrak ere esan dituela aitortu du.

Garazi Olaizolak, berriz, 19 urte ditu eta anorexia nerbiosoa diagnostikatu zioten pandemia aurretik. Itxialdiak gaixotasuna areagotu zuen, baina bere bizitzan inflexio puntua ere markatu zuen: egoeraren larritasunaz jabetu eta laguntza eskatzea erabaki zuen.

Maialen Gonzalez nerabe zela hasi zen antsietate arazoekin eta, denborarekin, egoera kudeatzen ikasi zuen. Lagunengan eta militantzian oinarritutako babes mekanismoa garatu zuen, pandemia iritsi zen arte, ordura arteko erremintak kendu baitzizkion itxialdiak.

Jon Aleman, bestalde, 22 urteko gaztea da, eta pandemiak karrerako lehenengo urtean harrapatu zuen. Txikitatik lagunak egiteko zailtasunak eta eskolan eroso sentitzeko arazoak izan dituela kontatu dio Xabierri, baina izurriteak hondoratu egin zuela aitortu du. Arrazoia zein zen jakin gabe, ohetik altxatzea kostatzen zitzaion, negar egiteko gogoa zuen etengabe, tristura sentitzen zuen... Gurasoei ezer esan gabe, psikologoarenera joatea erabaki zuen, etxean gaia tabua baitzen. Jada ez du ezkutatzen terapiara joaten dela, baina aitortzen du zaila dela besteen erreakzioak ikustea eta aurriritziei kontra egitea. 

Azkenik, Nekane Azuabarrena Agifes elkarteko psikologoarekin hitz egiteko aukera ere izan du "Ur Handitan" saioak. Pandemiaren ondorioz, institutu eta ikastetxeetatik dei ugari jaso dituztela azaldu du, ikasleen buru-osasunaz arduratuta daudelako. Gazteen buru-osasunari behar bezalako trataera eta arreta eman behar zaizkiola uste du Nekanek, eta, horretarako, komunikatzeko moduak aldatu beharra dagoela.

"Ur Handitan" astearte gauetan izan ohi dugu ikusgai, 22:30etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.

Aurrestreinaldia, gazteekin batera

Programaren aurreko atalarekin egin bezala, telebistako emanaldiaren aurretik saioaren aurrestreinaldia egingo dute, gaia herritarrengana hurbildu eta lantaldearen eta publikoaren arteko hartu-emana sustatzeko asmoz.

Kasu honetan, Donostiako Santo Tomas Lizeoa ikastetxean izango da hitzordua, gaur bertan, eta batxilergoko ikasleak izango dituzte bertan gonbidatu. Gainera, mahai-ingurua sortuko dute Nekane Azuabarrena psikologoarekin eta Maialen Gonzalez saioko protagonistetako batekin.

Solasaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da eitb.eus-en, 12:00etan, "Ur Handitan" saioaren webgunean.