Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

'Adore, Kemena, Kuraia': Aiora Renteria eta Zea Mays taldearen ibilbidea, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan

EITB Media

Aurten 25 urte beteko ditu Zea Maysek, eta taldeak badu zer ospatu: covid19ak eta Aiora Renteria abeslariaren minbiziak eragindako etenaldiaren ostean, oholtzara itzuliko dira berriz ere. Bilboko Kafe Antzokian egin dio elkarrizketa Aiorari Xabier Madariagak.

1:26
Aiora Renteria, Zea Mays taldeko abeslaria

Zea Mays musika taldearen ibilbidea izango du mintzagai gaurko "Ur Handitan" saioak, Adore, Kemena, Kuraia izenburupean.

1997ko udan, zazpi kantaz osatutako maketa grabatu zuten lau gazte bilbotarrek: Aiora Renteria Agirre (ahotsa), Asier Basabe Elvira (bateria), Iñaki Imaz Olabarrieta Piti (gitarra) eta Rubén González López (baxua) ziren. Urte berean, Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zuten. Zea Mays taldea ziren. Aurten, 25 urte beteko dituzte, eta taldeak elkarrekin jarraitzen duela ospatzen dute; baina ez hori bakarrik. Covid-19ak eta Aioraren minbiziak eragindako etenaldiaren ostean, oholtzara itzuliko dira berriz ere aste honetan bertan, apirilaren 9an, Bilboko Santana 27 aretoan eskainiko duten kontzertuan.

Emanaldi berezi horren aurretik, Bilboko Kafe Antzokian egin dio elkarrizketa Xabier Madariagak Aiora Renteria taldeko abeslariari. Oso toki kuttuna du, han jo baitzuten Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zutenean; ordutik, kontzertu ugari eskaini dituzte bertan. Ez dira asko 25 urtez kontzertuak eskaintzera eta lan berriak argitaratzera iristen diren musika taldeak, eta are urriagoak dira sortzetik taldekide berberekin bide hori guztia egiten dutenak. Zein da horrenbeste urtez elkarrekin segitzeko sekretua?

Adore, Kemena, Kuraia

Horiek dira Zea Mays talde bilbotarrak kaleratu dituen azken hiru single-ak, eta Aioraren esanetan, azken urte hauetan bizitzan oso presente izan dituen hiru berba.

Kulturgile gehienak bezalaxe, covid-19ak eragindako egoerak gogor astindu zituen eta, pandemia amaitzera zihoala ematen zuenean, umetokiko minbizia diagnostikatu zioten. Kolpe izugarria izan zen beretzat zein taldekideentzat. Ilea galtzeko beldurra, lehen egiten zituen gauzak berriz ez egiteko beldurra, ahotsa galtzeko beldurra, hiltzeko beldurra… Minbizia hitzak beldurra ematen duela aitortu du Aiorak, baina, zorionez, ebakuntza egin eta "hilabete eta erdiko minbizia bakarrik izan da".

Horrez gain, emakume musikaria izateak, euskaraz abesteak eta lodia izateak emozionalki zer eragiten dion ere kontatu dio Xabier Madariagari. Bere fisikoagatik denetarik entzun behar izan du, eta horrek eragin dio min handiena bizitzan. Hala ere, inoiz ez du taulatik igotzeko gogoa galdu, eta kritika zein irain horien aurrean, tresnarik indartsuena bere ahotsa dela kontu dio Madariagari.

Aiora Renteria eta Zea Mays taldea, Adore, Kemena, Kuraia atalean, gaurko "Ur Handitan" saioan. 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.