Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Sexuaz arituko dira, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan

EITB Media

Xabier Madariaga adin, pentsamendu eta profil ezberdinetako pertsonekin bilduko da sexualitateaz taburik gabe hitz egiteko. Telebistako emanaldiaren aurretik, goizean, atalaren aurrestreinaldia antolatu dute Durangon.

4:04
Sei gonbidatuak eta Xabier Madariaga

Betidanik praktikatu izan da sexua gizakion artean, baina oso gutxi hitz egin da horretaz. Zergatik kostatzen zaigu hainbeste sexuari buruz hitz egitea? Lotsatu egiten gaitu? Adinari dagokionez, sexuak badu iraungitze datarik? Gaurko "Ur Handitan" saioak gazte, heldu zein nagusiekin arituko da, gai horri buruz lasai eta inolako lotsarik gabe hitz egiteko.

Oraindik ere tabua izaten jarraitzen du sexualitateak. Ez dugu sarritan aldamenekoarekin sexuaz hitz egiteko adorerik izaten, edo ausartzerako, aurreiritziez josten gaituzte. Horri kontra eginez, baina, gure gonbidatuak prest agertu dira sexualitatea naturalizatu eta normalizatzeko. Beraien bizipenak gogorarazita, gizarteak jarritako oztopoak gainditu, eta sexuari buruzko ikuspegi anitza eta askotarikoa eman dute.

Noah Deimos Abad Bravo, Anabel Zugaza Egaña, Telmo Irureta Uria, Aitor Bolinaga Saldaña, Izaskun Salazar Castañares eta Kontxi Egiarte Arribalzaga dira, hain justu, Xabier Madariaga "Ur Handitan"eko aurkezleak saioan elkarrizketatu dituen pertsonak; adin, pentsamendu eta profil ezberdinetakoak, eta taburik gabe hitz egiteko prest agertu direnak.

Gonbidatu bakoitzarekin, sexuarekin lotzen dituzten espazioetan izan da saioa, galdera askoren erantzun bila: beraien lehen aldiaz, sexuak eman eta kentzen dienaz, betetzear dituzten fantasiez, masturbazioaz, sexuari buruz dauden aurreiritziez eta sexu harreman mota ezberdinez jardun dira, besteak beste.

Gainera, saioan parte hartu duten sei gonbidatuak tertulia batean elkartu ditu Xabier Madariagak; nork bere iritzi eta esperientziak gainontzekoekin elkarbanatu ditzan, giro atsegin eta jolasgarrian. "Ur Handitan" asteartero izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus.en.

Aurrestreinaldia Durangon

Telebistako emanaldiaren aurretik, gaur goizean, 12:00etan, Durangoko Ibaizabal Ikastolan, "Sexuaz" atalaren aurrestreinaldia prestatu du lantaldeak, Haur Hezkuntzako Goi Mailako Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta. Xabier Madariaga Idirin kazetariarekin batera, Ziortza Karrantza Ramirez psikologo eta sexologoa izango dute. Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus-en bidez.

"Ur Handitan" saioak landuko dituen edukiak herritarrengana hurbiltzeko eta lantaldearen zein publikoaren arteko hartu-emana sustatzeko helburua du aurrestreinaldiak, eta denboraldi honetan zehar antolatu den hirugarren ekitaldia da.