Zuek hor
'Zuek hor eta gu hemen'
Tourmalet gurpil bakarraren gainean igo duen txirrindularia, gurean!
Markel Uriarte da bera, eta gurekin izango dugu. Gainera, Iro Landaluze ere izango da saioan, perretxiko kontuekin.
-
Markel Uriarte bikerra
Uda amaieran, Tourmalet igo du Markel Uriarte aretxabaletarrak bizikletaz. Euskaldunon artean ohikoa den zerbait egin duela badirudi ere, Uriartek bizikletako gurpil bakarraren gainean igo du Pirinioetako mendi mitikoa. Abentura hori bera eta bere ibilbide osoa nolakoak izan diren azaltzera etorriko zaigu. Gainera, bizikletarekin duen abilezia zuzen-zuzenean erakutsiko digu platoan bertan.
Aurretik, ordea, Nuntzeberry atalarekin hasiko da saioa. "Gaur Egun" albistegiak baztertu dituen albisteak erakutsiko dizkigute Anjel Alkainek eta Iker Galartzak. Eguneko albisteez gain, albiste bitxiak ere izango dira, eta dei bereziren bat ere jasoko dute aurkezleek.
Agurne Anasagastik gidatuko du tertulia garaia, eta dagoeneko ezagunak ditugun hiru tertuliakide izango ditugu mahaiaren inguruan: Iro Landaluze, Mikel Goñi eta Josebe Iturrioz. Aktualitateko gaiak eta bururatzen zaizkien bestelakoak izango dituzte hizpide.
Asteartero bezala, Iro Landaluzek perretxikoen inguruko trikimailu eta bitxikeria ugari azalduko dizkigu, eta asteburuan perretxikoak biltzeko txoko egokiak zein diren ere esango digu.
Internet eta sare sozialak oso gertutik jarraitzen ditugu. Programaren hasieran, Jon Urbietak galdera bat egiten die ikus-entzuleei, eta erantzuna emateko hiru bide dituzte: Twitter (@zuekhor), Facebook (www.facebook.com/zuekhor) eta WhatsApp (605779540). Gainera, egunero interneteko aplikazio berri bati buruz arituko da. Gaurkoan, tertuliakideei biboteak zer moduz geratzen zaizkien ikusiko dugu.
Hori guztia eta askoz gehiago, 15:45etik aurrera, ETB1en.