Zuek hor
Umorea eta elkarrizketa
Kike Amonarriz izango da gaur 'Zuek Hor!!' saioan
A.A.
EiTB
'Burubero' saioko aurkezlea elkarrizketatuko dute Ibon Gaztañazpik eta konpainiak 22:25ean hasita.
-
Kike Amonarriz
Kike Amonarriz ETB1eko 'Burubero' saioko aurkezlea izango da 'Zuek Hor!!' saioko gonbidatua astearte gauean. Programako sofa zurian eserita, Ibon Gaztañazpiren eta Marta Elviraren galderei erantzun beharko die aurkezle eta euskaltzaleak, 22:25ean hasita.
Euskal Filologian lizentziatua, soziolinguista eta telebista aurkezlea da Kike Amonarriz tolosarra. Euskararen inguruan aritu izan da lanean. Zeruko Argia aldizkarian hasi zen umorezko artikuluak idazten, eta telebistan, berriz, besteak beste, 'Hitz eta Pitz', 'Funtzioa' eta 'Txiskola' saioetan aritu zen. 2006an hasita, eta zazpi urtez, 'Mihiluze' saioko gidaria izan zen, eta, ondoren, 'Tribuaren Berbak' arrakastatsua aurkeztu zuen. Gaur egun, 'Burubero' saioa aurkezten dihardu.
Aurkezleek egingo dizkioten galderei erantzuteaz gainera, 'Zuek Hor!!' saioan ohikoak diren beste hainbat pertsonaia ere ezagutuko ditu Amonarrizek, Andoitz eta Gorane umeak eta Patxi autobus-gidaria, besteak beste. Gainera, aste honetan, La Jaiok eta Sarduik duten erronka nork irabaziko duen jakingo dugu. Eta oporretan egon ostean, etxera itzuli ezinik dabiltza orain Michael Arejita eta Mary Lou Ordorika Boiseko bikotea.
Anjel Alkain, Aitziber Garmendia, Ana Elordi eta Iker Galartza aktoreek hezurmamituko dituzten pertsonaien komeria eta pasadizoek umorez jantziko dute, astero bezala, Miramongo estudioetatik zuzen-zuzenean egingo den saioa. Aitor Gabilondoren eta Zukutu Banden musikaz girotuko dute emanaldia, eta Maddalen Arzallus bertsolariak emango dio amaiera programari, saioan zehar esandakoak laburbilduz.
Asteartero legez, 'Zuek Hor!!' saioa 22:25etik aurrera egongo da ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en aldi berean.