Gizartea -

EAE-n eta Nafarroan

UGTk, CCOOk, Eraldatuk eta Herrikoak greba egin dute Hezkuntzan

ELA, LAB eta Steilas zentralek, bestalde, mobilizazio berezitua egingo dute datorren martxoaren 22an.

Bilbon LOMCEren kontra gaur egin den manifestazioa. Argazkia: EFE
Bilbon LOMCEren kontra gaur egin den manifestazioa. Argazkia: EFE
LOMCE legea bertan behera uzteko eskatu dute Iruñean

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuan deitutako greba orokorrarekin bat eginda, UGT eta CCOO Irakaskuntza sindikatuek eta Herrikoa eta Eraldatu Nafarroako plataformek lanuzteak egin dituzte ostegun honetan EAEko eta Nafarroako hezkuntzan. LOMCE legea, Eusko Jaurlaritzaren Heziberri 2020 plana eta hezkuntza sisteman egindako murrizketak izan dituzte beren salaketen jomugan.

Horrela, UGTk eta CCOOk antolatuta, manifestazioak egin dituzte eguerdian EAEko hiru hiriburuetan: Bilbon, Arriaga plazatik abiatu dira; Donostian, Boulevardetik; eta Gasteizen, Bilbo plazatik. Iruñean, elkarretaratzea egin dute eguerdian Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean. Arratsaldean, manifestazioa egin dute toki horretan hasi eta Sarasate pasealekuan bukatzeko.

UGT eta CCOO Euskadiren salaketa

"PPren eta EAJren gobernu berriekin gauza gutxi aldatu dira hezkuntzan", bi sindikatuek salatu dutenez. Horien ustez, "hezkuntza eskubidearen ordez zerbitzu publikoen pribatizazioa egiten ari dira murrizketekin".

Horren aurrean, honakoak galdegin dituzte UGTk eta CCOOk: LOMCE legea bertan behera uztea, bitarteko langileen egonkortasuna bermatzea, murrizketekin amaitzea, hezkuntzara bideratutako aurrekontua handitzea, "aukera berdintasuna" bermatuko duen beka sistema berreskuratzea, unibertsitatearen kontra-erreformak eta Lanbide Heziketan ordaindu gabeko praktikak kentzea, langileen baldintzak "duintzea" eta hezkuntza sistemaren "pribatizazioa" geldiaraztea.

Hartara, Bilboko manifestazioari ekin aurretik adierazpenak egin dituzte hedabideen aurrean Arantza Agote eta Pablo Garcia de Vicuñak (UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariak, hurrenez hurren), eta, esan dutenez, gaurko mobilizazioekin hezkuntza-sistema defendatu eta lan- eta gizarte-baldintzak hobetu nahi izan dituzte.

Garcia de Vicuñak Mariano Rajoy eta Iñigo Urkulluri zuzendu zaie, eta euren hezkuntza-planteamendutan "erabateko norabide aldaketa" egin dezatela eskatu die, baita etorkizuna planifikatzeko garaian sektoreko eragileak aintzat har ditzatela ere.

Bestalde, Agoteren esanetan, irakasleak "nazkatuta" daude Gobernuetatik "hezkuntza kaltetu besterik egiten ez duten" erreformak "inposa" ditzatela, eta irakasleak, ikasleak eta gurasoak izan behar izatea hezkuntza defendatzeaz arduratu behar dutenak.

Agotek sindikatuek azaldutako batasun gabezia ere izan du mintzagai; izan ere, ELA, LAB eta Steilas zentralek mobilizazio berezitua egingo dute EAEn datorren martxoaren 22an . Agoteren hitzetan, UGT eta CCOO sindikatuek atsegin handiz ikusi izango zuketen gaurko aldarrikapenetan bat eginda egon izana.

"Ostegun honetako deialdia Estatu mailakoa da, baina hezkuntzak duen arazoa Estatuko esparruari zein erkidegokoari eragiten dio", adierazi du. Hortaz, Agoteren aburuz, "ez da logikoa lanuztera beste egun batean dei dezatela".

Ikasle Sindikatuaren partetik, Laura Spearey bozeramaileak hitz egin du, eta "publikoa, kalitatezkoa, laikoa, doakoa den hezkuntza" aldarrikatu du eta "guztiontzat".

Bere garaian hezkuntzari murriztu zitzaizkion 7.000 milioi euroak itzul ditzatela eskatu du, eta PPk eta EAJk defendatzen duten hezkuntza-plana "iruzur hutsa" dela baieztatu du.

Azaldu duenez, "EAJrentzat LOMCE aplikatzen ez dutela esateko estrategia besterik ez da Heziberri, baina dekretu horiek are txarragoak dira".

Nafarroa

Herrikoa Nafarroako guraso elkarteak eta Eraldatu hezkuntza publikoaren aldeko plataformak bat egin dute CCOOk eta UGTk egindako greba deialdiarekin. Horiek salatu dutenez, Espainiako Gobernua "Kongresuaren eskaera —LOMCE bertan behera uzteko egindako eskaera— saihesten ari da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LOMLOE hezkuntza legea Albisteak Nafarroa Grebak albisteak EAE albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 Euskal sindikatuak Langile Komisioak UGT azken ordukoa