Gizartea -

Elur-denboralea

Alerta laranja Euskal Herrian, elurragatik

Gaur, elur-maila 200-300 metroan izango da Nafarroan, eta 300-400 metroan Euskal Autonomia Erkidegoan.

Zeanuri. Argazkia: Nagore Madariaga
Zeanuri. Argazkia: Nagore Madariaga
Alerta laranja aktibatu dute Euskal Herrian elurragatik

1:31

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du elurragatik ostiral honetan Euskal Autonomia Erkidegoan, eta larunbat eguerdira arte egongo da indarrean. Nafarroan ere, alerta laranjan daude elurragatik. Gainera, Bizkaian eta Gipuzkoan abisu horia aktibatu dute euriagatik.

Ostegunean, elur-maila 700 eta 900 metro artean egon da, baina ostiralean eguraldiak nabarmen egingo du okerrera.

Goizaldean elur-maila 500 eta 700 metro artean izango da, baina ostiralak aurrera egin ahala 300-400 metrora jaitsiko da. Gune batzuetan, elur-maila beherago egon daitekeela ohartarazi dute.

Larunbatean, elur-maila 300-400 metroan egongo da, baina eguerditik aurrera eguraldiak hobera egingo du eta prezipitazioak gutxitu egingo dira. Abisu horia ezarriko dute orduan, alerta laranjaren ordez. Barrualdean, elurra botako du, baina batez ere euria egingo du Bizkaian eta Gipuzkoan.

Horrela, Trafiko Zuzendaritzak errepideetan arreta berezia jartzeko eskatu die herritarrei, eta hainbat gomendio eman ditu, hala nola, Ertzaintzaren oharrak kontuan izatea eta ezkerreko erreia libre uztea, elurra kentzeko makinak eta larrialdi zerbitzuetako ibilgailuak pasa daitezen.

 

 

Elurra kentzeko 100 makina baino gehiago Nafarroan

Nafarroan, elurte handia dago iragarrita ostiral honetarako: elur-maila 200-300 metroan egongo da.

Nafarroako Gobernuak elurra kentzeko 109 makina ditu prest autobide, errepide eta mendateetan. Batez ere, iparraldeko eta erdiguneko eskualdeetan barrena ibiliko dira.

Iruñeko Udalak ere, elurrari aurre egiteko plana abiatu du. 200 pertsona baino gehiago eta elurra kentzeko bederatzi makina arituko dira lanean. Elur-jasa handienak 06:00ak eta 10:00ak bitartean eta 20:00etatik aurrera espero dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Denboraleak bideoak Eguraldia Donostia Elurra albisteak Albisteak