Mundua -

Estatu Batuak

Donald Trumpek prentsaurreko batetik kanpora bota du kazetari bat

Alderdi Errepublikanoko politikariaren segurtasun-taldeko kide batek gelatik kanpo atera zuen Univision kate hispanoko aurkezle bat.

Donald Trump. Argazkia: EFE.
Donald Trump. Argazkia: EFE.
Trumpek Univisioneko kazetari bat bota du prentsaurreko batetik

01:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump magnate eta Alderdi Errepublikanoko kideak eztabaida handia izan zuen atzo Univision kate hispanoko aurkezle batekin Iowan (AEB), prentsaurreko batean, eta politikariaren segurtasun-taldeko kide batek kanpora atera zuen kazetaria.

Jorge Ramos aurkezle ospetsuak migrazioaren gainean dituen proposamenei buruz galdetu zion prentsaurrekoaren hasieran Trumpi, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren arteko mugan hesia jartzeko eta paperik gabe dauden 11 milioi lagun kanporatzeko proposamenak baititu jasota bere programan Trumpek. Etxe Zurirako hautagaia izateko lehian ari den politikaria eta kazetaria eztabaidan hasi ziren orduan.

Trumpek hitza kendu zion, eta beste kazetari batzuei eman zien galdetzeko aukera. Ramosek, baina, zutik jarraitu zuen, galdetzen, eta, azkenean, segurtasun-taldeko kide batek gelatik kanpora eraman zuen.

"Mesedez, eser zaitez, ez duzu hitza. Eser zaitez. Bueltatu Univisionera", esan zion Trumpek kazetariari, gogaituta.

Aurkezleak esan zuen "kazetari-lana" egiten saiatu zela, ez besterik, eta ez zuela inolako asmo politikorik, baina Trumpen asmoak salatu zituen: "Ni prentsaurreko batetik atera nauen bezala, paperik gabe dauden 11 milioi lagun atera nahi lituzke Estatu Batuetatik".

Sekulakoak esan zizkioten elkarri, zakar

Minutu batzuk geroago, magnatearen taldeak bueltatzeko baimena eman zion Ramosi. Kazetariak berriro ekin zion migrazioaren gainean galdetzeari, eta aurkezleak eta Trumpek sekulakoak esan zizkioten elkarri, zakar.

"Ezin dira 11 milioi lagun deportatu", azpimarratu zuen Ramosek, eta hispanoen artean duen arrakasta txikiaren gainean galdetu zion Trumpi.

"Nik zuk baino bihotz handiagoa dut. Badakizu zenbat latino ari diren niretzat lanean? Milaka. Latinoek lana nahi dute. Inkesten arabera, Nevadan, latinoen artean, neuk irabaziko dut", erantzun zuen Trumpek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB 2024 Donald Trump