Politika -

Gasteiz

Biktimen Memorialaren lanen hasieran izango da Mariano Rajoy

Zentroaren lehen harria astearte honetan jarriko dute, eta Martxoak 3 elkarteak protesta antolatu du, Gobernuak biktima batzuk 'diskriminatu' egiten dituela salatzeko.

Mariano Rajoy
Mariano Rajoy
Mariano Rajoy

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea Gasteizen izango da gaur, Terrorismoaren Biktimen Memorialaren lehen harria jartzeko ekitaldian.

ETAren biktimak goratzeko zentroa Arabako hiriburuan eraikiko dute, Espainiako Bankuaren egoitza zegoen tokian.

Lanak abiatu eta gero, Terrorismoaren Biktimen Fundazioak "Memoria eta Terrorismoaren Biktimak. Biktimaren Begirada" lelopean antolatutako jardunaldietan izango da Rajoy.

Memorialeko edukia diseinatzen lagundu duten adituen arabera, memorialak terrorismoaren biktimek pairatu duten indarkeria zentzugabearen inguruan gogoeta egiteko eta terrorismoari zilegitasuna kentzeko helburua izan behar du.

Erakusketa iraunkorra izango du, eta oinarrian ETAren biktimak egongo dira, GRAPOrenak, Terra Lliurerenak eta GALenak ahaztu gabe.

Aditu talde horrek proposatu du ikasleentzako jarduera pedagogikoak antolatzea, eta "memoriaren bankua" osatzea biktimen testigantzekin eta bizipenekin.

Ideia horien sustatzaileei errekonozimendua egin ondoren, arkitektoek bideo emanaldi bat eskainiko dute eraikinaren eraldaketa azaltzeko.

Protesta ekitaldia

EH Bilduk "lehen eta bigarren mailako biktimak" bereiztea leporatu dio Espainiako Gobernuko presidenteari, Memorialak 1976ko martxoaren 3an Poliziak Gasteizen hil zituen bost langileak ez omentzeagatik, eta Rajoyren bisita dela eta egingo duten kontzentrazioan parte hartzeko deia egin du.

Rajoy Gasteizen izango dela baliatuta, Memorialaren izaeraren kontrako elkarretaratzea deitu du Martxoak 3 elkarteak.

Protesta 11:30ean hasiko da, Arabako hiriburuko Posta plazan. Espainiako Gobernuak biktima batzuk "diskriminatu" egiten dituela salatu nahi dute Martxoak 3 elkartekoek, ohar batean jakinarazi dutenez.

Ahal Duguk ere elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die herritarrei, memorial honekin Alderdi Popularra "sufrimenduaren ikuspegi alderdikoia" egiten ari dela argudiatuta. "Hauteskundeei begira edozer egiteko prest dago PP", salatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Rajoy Araba EAE Albisteak Gaur Eguneko albisteak Gerra Zibileko biktimak Terrorismoaren Biktimak Gaur