Politika -

Krisia UPyD-n

UPyDk zuzendaritza berria aurkeztuko du astelehenean, krisiaren erdian

Talde berrituarekin, gutxienez, ekaineko ezohiko kongresura arteko bidea egitea espero du Rosa Diezek.

Rosa Diez (UPyD). Artxiboko irudia: EFE
Rosa Diez (UPyD). Artxiboko irudia: EFE
Rosa Diez (UPyD). Artxiboko irudia: EFE

EFE | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UPyDk zuzendaritza berria aurkeztuko du astelehen honetan, alderdiarekin izandako desadostasunak eta Andaluziako hauteskundeetan izandako emaitzak tarteko, zuzendaritzako sei kidek dimisioa eman ondoren.

Krisi sakona bizi du UPyDk eta Rosa Diez ere buruzagi gisa unerik zailenak bizitzen ari da. Dena den, zuzendaritza taldea berrituta, gutxienez, ekaineko ezohiko kongresura arteko bidea egitea espero du Rosa Diezek. Ekaineko kongresuan alderdiaren ildo politikoa aztergai izango dute; izan ere, hainbat alderdikidek Albert Riveraren Ciudadanosekin itunak egitea proposatzen dute.

Zuzendaritza berriko kide izango direnen artean Maite Pagazaurtundua europarlamentaria - Rosa Diezen konfiantzazko pertsona- eta Ignasi Vidal aktore katalana nabarmentzen dira.

Guztira, bost kidek -Irene Lozano, Alvaro Anchuelo, Luis de Velasco, David Andina eta Rodrigo Tena- utzi zuten alderdiaren zuzendaritza Andaluziako hauteskundeetako emaitzen ondoren inork erantzukizunik bere gain hartu ez zuelako eta buruzagitzak Ciudadanosekin aliantzak bilatzeko aukerari uko egin ziolako.

Ordezkatua izango den seigarren kidea Ignacio Prendes UPyDko diputatua da, hain zuzen ere, aste honetan bertan alderditik kanporatua izan dena Riverarengana hurbiltzeagatik. Are gehiago, bera izan zen "hirugarren aukera" hori mahai gainean jarri zuen zuzendaritzako lehen kidea.

Andreas Herzog Birsonkuntza Demokratikorako UPyDren arduraduna Rosa Diezen "bigarrena" izendatu dute, orain arte Rosa Diezen ondokoa zen Carlos Martinez Gorriaran ordezkatuz.

Zuzendaritza berriak Asturiasen, Aragoin, Gaztela Leonen eta Galizian alderdikideek hartutako bidearekin borrokatu beharko dute; izan ere, Asturiasen eta Aragoin Ciudadanosekin zerrenda bateratuak aurkeztea erabaki dute eta beste bi autonomia erkidegoetan, berriz, hainbat buruzagik eta hautagaik desertatu egin dute.

Bestalde, gaur bertan Juan Antonio Horrach Balear uharteetako UPyDren hautagaiak alderdia utzi du egungo zuzendaritzak markatutako estrategiarekin konforme ez dagoelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPyD