Politika -

Hauteskundeak

Negoziazio bidea 'hilda' dagoela uste du Urkulluk

Lehendakariak uste du ziurrenik hauteskunde berriak izango direla, baina ez du baztertzen azken orduko akordioa lortzea eta hauteskundeak saihestea.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB.
Ziurrenik hauteskunde berriak izango direla uste du Iñigo Urkulluk

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde orokorrak saihesteko "ezetzak" baino "baietzak" bilatu behar direla esan du gaur Iñigo Urkulluk. Hala ere, negoziazio bidea "hilda" dagoela uste du lehendakariak. Ildo horretan, "egun hauteskunde berriak" izango direla uste du.

COPE irrati katean egindako elkarrizketan, eta Europa Press albiste agentziak jasotakoaren arabera , "lan apaleko ordu askotako" elkarrizketa eta negoziazio prozesua faltan bota du Urkulluk. "Antza denez, ez dira akordioa lortzeko baldintzak ematen", gaineratu du.

Urkulluren ustetan, "ez da alderdi nagusien xedea baietzen alde egitea", "ezetzak" bilatzea baino. Hala ere, Urkulluk ez du baztertzen azken orduko akordioa lortzea hauteskundeak saihesteko. Akordio hori PSOE-Ciudadanos-Podemos alderdien artekoa izan liteke, edo sozialisten eta popularren artekoa; ez du baztertzen ere, sozialistek PPrekin eta C’srekin akordioa lortzea.

Dena den, "ez dago oraingoz, alderdien inolako planteamendurik edo elkarrizketarik negoziazio abiatzeko".

Koalizio handia

Ekaineko hauteskundeen ostean 'Koalizio handiko' Gobernua osatuko balitz EAJ horren barne egoteko aukeragatik galdetuta, Urkulluk esan du EAJ beti ibili dela "egonkortasunaren bila".

Hala ere, orain arte ezinezkoa izan dela azpimarratu du lehendakariak, PPk eta PSOEK ez dutelako inoiz "koalizio handi" hori lortu.

Bestalde, EAJren parte hartzea mahai gainean jarriko balute eta alderdiak berak zer egingo zukeen ez dakiela azaldu du. Nolanahi ere, negoziazioak abiarazteko mahai gainean egon beharreko hainbat gai aipatu ditu Urkulluk; besteak beste, "berezko eremuari eragiten diotenak, eskumenen ingurukoak, garapen ekonomikoaren eta azpiegiturenak, eta autogobernuaren garapenarekin zerikusia dutenak". "PPk eta PSOEK gai horiek mahai gainean jarriko balituzte, berba egiteko kontua izango litzateke", azaldu du.

Rajoy eta Puigdemont arteko bilera

Gaur Mariano Rajoy Gobernuko funtziotako presidentearen eta Carles Puigdemont Gereralitateko presidentearen arteko bileraren inguruan, estatu plurinazionalaren "konplexutasunari" buruz gogoeta egitea "beharrezkoa" dela ulertzea espero du Urkulluk.

Bestalde, gaur egun, independentziaren inguruko galderak "autogobernu handiagoa lortzeko gehiengoak duen borondatea desitxuratu" dezakeela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ PSOE Albisteak Alderdi Popularra Azken albisteak Urkullu EAEko hauteskundeak Hauteskunde orokorrak Ciudadanos alderdia Podemos albisteak