Politika -

Ekitaldiak urte osoan

2016, Agirre lehendakariaren ekarpena gogoratzeko urtea

Jose Antonio Agirrek gidatutako Eusko Jaurlaritzatik 80 urte beteko diren honetan, hainbat ekitaldik eta dokumentalek Agirreren bizilekuak eta horiek harengan izan zuten eragina erakutsiko dute.

'Markak', Gernikako bonbardaketan oinarritutako dokumentala

0:37

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurten, Jose Antonio Agirre lehendakaria buru izan zuen lehen Eusko Jaurlaritzaren 80. urteurrena beteko da.

Hori dela eta, Gernikako herriak jasan zuen bonbardaketaren 79. urteurrena gogora ekarriz eta, horrek, herrian eta herritarrengan utzi zituen aztarnak abiapuntu harturik, “Markak” (Gernika 2016) ikus-entzunezkoa, zuzeneko musika eta poesia uztartu zituen ikuskizuna antolatu zen Gernikako Jai Alai frontoian.

Bernando Atxaga idazleak ez ezik (Markak bere liburuan oinarrituriko ikuskizuna da), Ruper Ordorikak, Nebbianek, Maite Arroitajauregi 'Mursego'k, Aitor Etxebarriak eta Ander Mujika eta Hibai Agorria argazkilari gernikarrek parte hartu zuten 'Markak' ikuskizunean.

“Gogoratzeak, memoriak lan asko eskatzen du; nahitaezkoa da euskarri batzuk egotea, zerbait, zeinu batzuk behar dira gogoratzeko, ze normalena ez da gogoratzea, normalena da ahaztea”. Konstante bat da memoriari buruzko kezka Bernardo Atxaga idazlearen ibilbidean, eta memoria hartu zuen ardatz Gernikako bonbardaketaren oroimenetik abiatuta sortutako Markak liburuan ere. Eta, hain zuzen ere, gogoeta horiek hartu zituzten hizpide Berde Produkzioak eta Filmak Media ekoizpen etxeek, Eusko Jaurlaritzaren eta lehen lehendakari izan zen Jose Antonio Agirreren 80. urteurrena gogora ekartzeko. EITBren gidaritzapean egingo diren dokumentaletako bat da Markak eta Gernikan antolatu zen ekitaldiak, testigantzak, poesia, musikak eta bideoek, ikus-entzunekoaren azken planoak grabatzeko balio izan zuen.

Aipatutako dokumentalez gain -esan dute antolatzaileek- Jose Antonio Agirre Euskadin zehar egitekoak diren hainbat ekitalditan goraipatuko dute; datak "zehaztu ahala ezagutaraziko dugu egutegia", gaineratu dute.

 

Agirrek gidatutako gobernuak herrialdea berreraikitzeko gai izan zen urtebetean; gainera, autogobernuaren aldeko lan handia egin zuen, Euskadiri izaera politikoa eta juridikoa eman zio, ordezkaritza diplomatikoak sortuta, moneta, pasaportea, sistema judiziala, unibertsitatea baita armada bat ere, ekimenaren bultzatzaileek azaldu dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernikako bonbardaketa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza Gernika-Lumo Gaurko azken ordukoa Lehenengo Euskal Gobernuaren lehendakaria Gerra Zibileko biktimak