Politika -

Euskadiko sozialistak

Rodolfo Aresek Legebiltzarrean duen eserlekua utziko du

"Arrazoi pertsonal eta politikoak" aipatu omen ditu erabakia azaltzeko. 22 urtez izan da legebiltzarkide .

Ares, gaur Legebiltzarrean, Iñigo Urkullu lehendakariaz agurtzen. EFE
Rodolfo Ares bere azken osoko bilkuran. EFE
Ares, gaur Legebiltzarrean, Iñigo Urkullu lehendakariaz agurtzen. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares PSE-EEko buruzagi historikoak Eusko Legebiltzarrean duen eserlekua utziko du "arrazoi pertsonal eta politikoak" direla eta. Alderdiko iturriek jakinarazi dutenez, Bilboko politikariak "bizitza instituzionala" utziko du, baina alderdi barruan (batez ere, PSOEren baitan) lanean jarraituko du.

Iturri berberen esanetan, Eusko Legebiltzarrean gaur dagoen osoko bilkura baliatuko du gainerako legebiltzarkideei eta ganberako langileei agur esateko.

Datozen egunotan jakinaraziko du PSE-EEk nork beteko duen Aresen aulkia.

Agurra, apurka-apurka

Azken hilabeteetan, gutxituz joan da Aresen presentzia Gasteizko ganberan. Berriki PSE-EEk berak aurkeztutako lege-proiektu baten zirriborroa onartu barik geratu zen, haren botoa faltan.

Espainiako hauteskundeei begira, Pedro Sanchezen kanpainan murgilduta egon da Bilboko buruzagia, eta abenduaren 20ko bozen ondoren sortutako talde negoziatzaileko kide izan da.

Euskadiko sozialisten zuzendaritza duela bi urte utzi zuen Aresek, Idoia Mendia idazkari nagusi aukeratu zutenean. "Familiarekin egoteko denbora gehiago" nahi zuela esan zuen orduan.

22 urte EAEko ganberan

1994an aukeratu zuten legebiltzarkide lehen aldiz, eta 2001, 2005, 2009 eta 2012ko hauteskundeetan ere berritu du kargua.

Sozialisten bozeramaile gisa jardun du, ETAk Fernando Buesa hil zuenetik, 2000. urtetik.

Azken legegintzaldi honetan, hainbat batzordetako kide izan da: Bateraezintasunak; Giza Eskubideak, Berdintasuna eta Herritarren Partaidetza; eta EiTBren Kontrola izenekoetan, besteak beste.

Patxi Lopezen gobernuan Herrizaingo sailburu izan zen Ares, eta ETAren jarduera armatuaren etena bizi zuen zeregin horretan.

Rodolfo Ares EFE

Ares, Herrizaingo sailburu zen garaian. EFE

PSE-EEn izan duen ibilbidean, Bizkaiko eta Euskadiko zuzendaritzan hainbat postu izan ditu. 2014an utzi zuen azken horretan zuen ardura, eta PSE-EEko Kontseilu Politikoko buru izan da ordutik.

PSOEren Batzorde Federalean ere egondakoa da Ares. 2015ean, PSOEren Hauteskunde Batzordeko koordinatzaileorde eta kanpainako ekitaldien antolaketa arduradun izendatu zuen Pedro Sanchezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Legebiltzarra argazkiak Alderdi politikoak berriak PSE-EE berriak Gaurko azken orduko albistea