Politika -

Katalunia

Rajoyk baztertu egin du Puigdemontek elkarrizketarako egin dion eskaintza

Espainiako Gobernuko presidenteak esan du ez dagoela ezer adosterik Konstituzioan jada ezarrita dagoenaren gainean: Espainia zatiezina da.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoyk esan du ezin duela Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen elkarrizketarako gonbita onartu, "onartuko ez ditugun gauzak inposatu nahi dituelako".

Kataluniako egoera politikoari buruzko azalpenak emateko agerraldia egin du Espainiako Gobernuko presidenteak Diputatuen Kongresuan.

Elkarrizketarako aukera baztertzeaz gain, bitartekari baten laguntza ere errefusatu du. "Lege demokratikoaren eta desobedientziaren edo ilegalitatearen artean bitartekaritza egiterik ez dago", azpimarratu du.

Rajoyk esan du bitartekari lanetan aritzeko eskaintza ugari jaso dituela, eta guztiak eskertu ditu, baina Espainiako Estatuak bitartekaririk behar ez duela berretsi du; izan ere, "Konstituzioan jada ezarrita dagoenaren gainean ez dago ezer adosterik: Espainia zatiezina da eta subiranotasuna Espainiako herritar guztiei dagokie".

Ildo horretan, Rajoyk esan du posible dela zerbitzu publikoez, autogobernuaren hobekuntzaz edo Konstituzioaren erreformaz hitz egitea, baina, betiere, horretarako ezarrita dauden prozeduren baitan.

Independentzia deklaratu duen edo ez argitzeko Espainiako Gobernuak Carles Puigdemonti bidalitako errekerimenduaren harira, Rajoyk azpimarratu du Generalitateko presidentearen erantzunak baldintzatuko dituela "datozen egunetako gertakariak".

"Bere eskutan dago legalitatera itzultzea eta normaltasun instituzionala berrezartzea edo ezegonkortasuna, tentsioa eta herritarren bizikidetzaren arrakalatzea bultzatzen jarraitzea", erantsi du.

Rajoyren iritzian, askatasuna, aniztasuna eta legedia daude jokoan, "gizarte demokratiko baten oinarriak".

"Kataluniako agintariek erakundeetan duten boterea erabili dute gure Konstituzioaren, Espainiaren batasunaren eta Kataluniako Estatutuaren kontrako eraso desleiala egiteko; are okerrago, herritarren arteko bizikidetza baketsuaren aurka aritu dira", salatu du.

Urriaren 1eko erreferendumari dagokionez, Kataluniako Gobernuak "legea" eta "ebazpen judizialak" urratu zituela adierazi du.

Horrez gain, nazioarteko herrialdeek erreferendumari zilegitasunik eman ez diotela eta egun hartan Espainiako Estatuak "guztion eskubideak" babestu zituela nabarmendu du, epaileei, fiskalei, Poliziari eta Guardia Zibilari eskerrak emanda.

"Urriaren 1ean gertatu zena ez da inoren gustukoa. Ezin da inor pozik egon Kataluniako irudiaz, gezurrezko bozketaz edota Poliziaren eta Guardia Zibilaren kontra egindako manipulazioez", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Katalunia Berriak Politika Rajoy Kataluniako erreferenduma Albisteak Pere Aragonès bideoak