Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida egingo dute Autogobernu Lantaldean

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen baitan eztabaida hori egitearen alde agertu dira EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos.

Autogobernu lantaldea. Artxiboko argazkia: EiTB
Autogobernu lantaldea. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaidari helduko diote datozen hilabeteetan Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean. EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek Autogobernu Lantaldean erabakitzeko eskubideaz eztabaidatzearen alde bozkatu dute eta PSE-EE eta PPk, berriz, kontra. Legealdia amaitu aurretik estatus politiko berri baterako testu bat adosteko helburua ezarri zuen Lantaldeak.

Gaurko bileraren ostean hilabeteko epea ezarri dute, alderdi politiko bakoitzak besteen proposamenetan ikusten dituen puntu komunak identifikatzeko. Autogobernu Lantaldearen hurrengo bilera abenduaren 13an izango da.

Arlo sozialean edo ekonomikoan alderdi politikoek izan ditzaketen ezberdintasunak alde batera utzita, erabakitzeko eskubidearen aitortza izan daiteke estatus politiko berri bat adosteko oztopo nagusia.

Desadostasunak

EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen iritziz, estatus politiko berriak erabakitzeko eskubidea bermatu behar du; aitzitik, PSE-EEk eta PPk autodeterminazio eskubidea baztertzen duten. Gobernu koalizioa osatzen duten EAJk eta PSE-EEk desadostasunak dituzte arlo honetan, are gehiago, lantaldearen baitan iritzi propioa defendatzeko askatasuna jasotzen du koalizio akordioak.

Autogobernuari dagokionez, iaz egindako proposamenari eutsi dio EAJk. Ohar bidez jakinarazi duenez, Euskal Herria subjektu juridiko eta politikoa da eta bere etorkizunaz erabakitzeko eskubidea eta gaitasuna du, baita demokratikoki hartutako erabakia errespetatua izatekoa ere. Jeltzaleek azpimarratu dutenez, ahalik eta akordiorik zabalena eta transbertsalena lortu nahi dute, betorik gabe. Horrez gain, balizko estatus politiko berri hori Diputatuen Kongresura eraman aurretik Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren artean "galdeketa gaitzailea" egitea proposatzen du EAJk.

Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak bileraren ostean kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, erabakitzeko eskubidearen eztabaida Autogobernuaren Lantaldetik atera nahi izatea leporatu die. Hori dela eta, positibotzat jo du EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos ados jarri eta eztabaida hori lantaldetik atera ezin dela erabaki izana. Urizarren esanetan, ez da harritzekoa sozialistek eta popularrek gaur kontrako botoa ematea, batez ere, Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa babestu dutela ikusita.

 

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PNV-EAJ Eusko Legebiltzarra argazkiak EAE Alderdi politikoak berriak EH Bildu Nafarroa Gaurko azken orduko albistea Podemos Ahal Dugu Euskadi