Politika -

KATALUNIA

Kataluniako Errepublika aitortzea baztertu du Eusko Legebiltzarrak

EH Bilduk aurkeztutako mozioa ez da aurrera atera, Elkarrekin Podemosen, PSE-EEren eta PPren kontrako botoekin. EAJ abstenitu egin da.

Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE
Kataluniako Errepublika aitortzea baztertu du Eusko Legebiltzarrak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du EH Bilduk gaur Kataluniako Errepublika aitortzeko aurkeztutako mozioa. Elkarrekin Podemos, PSE-EE eta PPk kontrako botoa eman dute eta EAJ, berriz, abstenitu egin da. Horren ordez, EAJk eta EH Bilduk adostutako mozioa onartu du Legebiltzarrak, Kataluniako Parlamentuaren erabakiekiko errespetua erakutsiz.

Kataluniako Errepublika "independente, burujabe, demokratiko eta soziala" aitortzea eskatu dio EH Bilduk bere mozioan Eusko Legebiltzarrari.

PPk ez beste talde guztiek beren osoko zuzenketak babestu dituzte. Legebiltzarrak zuzenketa horiek guztiak baztertu ditu, EAJrena izan ezik; izan ere, EH Bilduk babestu du.

Horrenbestez, Kataluniako Parlamentuak urriaren 27an independentzia deklarazioa eta prozesu konstituziogilea onartu izanaren aurrean errespetua agertu du Legebiltzarrak.

Halaber, Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioaren ondorioz ezarritako "salbuespenezko neurriak" baztertu ditu Eusko Legebiltzarrak.

Azkenik, Legebiltzarrak azpimarratu du "esklusiboki" Kataluniako gizarteari dagokiola bere etorkizuna erabakitzea, bide demokratiko eta baketsuak erabiliz.

EAJk Kataluniako Parlamentuaren independentzia deklarazioa onartu ez izana deitoratu du Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak, eta salatu du Estatuak inoiz ez duela adostutako akordiorik bilatu.

Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak argi eta garbi utzi nahi izan du jeltzaleentzat Puigdemont dela Generalitateko presidentea, ez Rajoy. Halaber, Espainiako Gobernuak Kataluniako auziaz gero eta "handitasun" gehiagorekin hitz egiten duela gaineratu du.

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak ohartarazi duenez, aldarrikapen politikoak ezin dira "edozein modutan" egin. Horren ustez, gainera, Kataluniari begiratzeari utzi eta Euskadiri begiratu behar zaio.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak, ostera, munduko herrialde bakar batek ere egin ez duena egiteko eskatzea leporatu dio EH Bilduri.

Azkenik, Borja Semper PPko legebiltzarkideak ere ildo beretik jo du, eta herrialde bakar batek ere ez duela Kataluniako Errepublika aitortu azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Politika albisteak EAJ-PNV Kataluniako erreferenduma Eusko Legebiltzarra albisteak Alderdi politikoak bideoak EH Bildu PSE-EE albisteak Euskadiko PP Gaurko azken orduko albistea Euskadiko Podemos-eko albisteak