Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Autogobernu Lantaldea Eusko Legebiltzarrean: PSE-EEren proposamena

Politika

Lantaldea

Espainiako legea urratu gabe, Euskadi naziotzat aitortzea eskatu du PSEk

Agentziak | Erredakzioa

2018/02/07

Sozialisten iritziz, Estatutu berriak islatu beharko luke EAEn dagoen "nortasun- eta sentimendu-aniztasuna", Espainiarekin eta Europarekin partekatutako "komuneko proiektu batean".

  • Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailea. Argazkia: EFE.

    Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailea. Argazkia: EFE.

    Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailea. Argazkia: EFE.
  • Whatsapp
  • Bidali

PSE-EEk eskatu du, Eusko Jaurlaritzaren autogobernu-lantaldean, adostu nahi duten Estatutu berriak Euskadi "naziotzat" aitor dezala, konstituzio-jurisprudentziak eta Europako Kontseiluak ezarritako mugak kontuan izanik. Gainera, galdegin du "erkidego politikoaren proiektua formalizatzea", EAEn dagoen "nortasun- eta sentimendu-aniztasuna", eta horrek duen autogobernu berezia aitortuz, "Espainiarekin eta Europarekin partekatutako proiektuaren legeak eta konstituzioa urratu gabe".

Artikulatutako testu baterako euren proposamenean, sozialistek defendatu dute herritarrek eskubidea dutela eurengan eragina duten erabaki politikoetan parte hartzeko, baina, beti ere, "kontuan izanik zein den legedi konstituzionala eta autonomikoa".

Ordenamendu juridikoa errespetatuz

Taldeek egindako proposamenen aurrean, PSE-EEk uste du "beharrezkoa dela gogoraraztea" 2017ko urtarrilaren 26ko bilkuraren agindua dela "Gernikako Estatutuaren erreforma egitea, ordenamendu juridikoa errespetatuz".

Gainera PSE-EEren iritziz, testuak jaso beharko luke "hausnarketak daudela, aurretik egindako balizko konstituzio-erreforma batek ekarriko lituzkeen aukeren gainean", eta, halaber, Estatutuaren aldaketak ez du esan nahi "indarrean dagoen Konstituzioa gaurkotzeko aukera baztertzen denik".

Sozialistek gogorarazi dutenez, Euskadi, autonomia-erkidego guztien egoera kontuan izanik, "autogobernua gaurkotu ez duen bakarra dela"; nabarmendu dute 'Ibarretxe Plana' izenekoak "segurtasun juridikoaren oinarrizko premisa hausten zuela; izan ere, ezkutuko erreforma konstituzional bat zen, eta hori kontuan izan beharko da, erredakzio berrian".

PSEren arabera, autogobernuaren oinarrietan aitortu beharko litzateke, "abiapuntu gisa", 1979ko elkarbizitza-ituna, "hainbat nortasunen, kulturaren eta politika-helbururen artean adostutakoa bera, arrakasta handiko esperientzia izan dela", Estatutuaren sortzailea izateaz gain.

Hortaz, adierazten du jomuga "akordio hori zabaltzea" dela, "duela lau hamarkadako eztabaidan parte hartu ez zuten politika-sentsibilitateekin eta Estatutu horren babespean hazi direnekin, gizarte-eskubide gehiago ere gehituta".

Gernikako Estatutua, ardatz

Sozialistek adierazi dute Gernikako Estatutua "lege-bilduma eta itun-arima dela"; zehaztu dutenez, "elkarbizitza-itun honek, hainbat nortasun eta helburu politiko biltzen dituen konpromiso honek izan beharko luke Estatutu berriaren ardatza".

PSE-EEren iritziz, autogobernua gaurkotzeko testua da berritzea "Euskadiko herritarren arteko ituna, Euskadiko lurraldeen artekoa, Euskadi eta Espainiaren artekoa; hau da, Estatutua sortu zuen itun hirukoitza berritzea, erkidego politiko gisa konfiguratu gintuen hitzarmena gaurkotzea".

Hori dela eta, uste du erreformaren oinarriek bermatu beharko luketela "herritarrek eskubidea dutela parte hartzeko euren eskubideei eta interesei eragiten dieten erabaki politikoetan, arauak errespetatuta eta Konstituzioaren eta Estatutuaren legeak ezartzen duen moduan".

Halaber, testu berriak bermatu beharko luke autogobernurako eskubidea, "gizarte modernoa, anitza, berdintasunezkoa eta kohesio-sortzailea eraikitzeko, bizikidetza-itun baten bidez; gure gizartean, gizonezko eta emakumezko libre eta euren etorkizunarekin arduratuta egon behar dira, bai anitza den Espainian baita Europar Batasunean ere, gainerako erkidegoetako herritarrekin batera, eta demokraziaren oinarrizko hastapenen barnean".

Gabeziak eta anbiguotasunak

Sozialisten iritziz, Gernikako Estatutuak zenbait gabezi eta anbiguotasun ditu: "Ulertzeko modukoa da hori, kontuan izanik zein egoera politikotan onartu zuten, demokrazia eta autonomia hasten ari zirela". Hortaz, gabezi horiek zuzendu beharko lirateke.

Gainera, mahaigaineratu dute egon beharko litzatekeela hitzaurre moduko bat, "islatzeko artikulatu nahi den erkidego politikoaren proiektua, Euskadiko autogobernua berezi bilakatzen duten arloekin, eta Espainiarekin eta Europarekin partekatutako proiektuan izango duen doikuntza legalarekin eta konstituzionalarekin".

Ildo horretan, "aitortuko luke euskal gizartean dagoen nortasunen eta sentipenen aniztasuna, nazionalitate edo nazio gisa izango lukeen identifikazioa (Konstituzioaren jurisprudentzia eta Europako Kontseiluak zer ezarri duen kontuan izanik). Hori dena, berdintasun-egoeran dauden emakumezkoek eta gizonezkoek sortu beharko lukete".

Halaber, nabarmendu lukete nolako balioa duen Estatutuak: "Terrorismoaren oldarra ere gainditu du, eta, gainera, hainbat berezitasun ditu onartuta eta legearen babesarekin garatuta: Konstituzioak jasotzen dituen eskubide historikoak, Kontzertu Ekonomikoa, euskara ofiziala den hizkuntza gisa, edo zuzenbide zibila".

Era berean, PSEk uste du zehaztu behar dela, argi, "zein den subjektu politikoa, eta norengan du, berez, eragina, testu horrek, egungo legedia kontuan izanik; hizkuntza, kultura, interes sozialak edo Europan egoteko nahia komunean dituzten beste erkidego batzuekin harremanak izateko borondatea ere jaso beharko luke; adibidez, Nafarroarekin edo Ipar Euskal Herriarekin".

Foru Erkidegoari dagokionez, PSE-EEk dio azken testuak errespetatu beharko dituela nafarrek hartutako erabakiak: "Aukera dute Euskadirekin partekatutako proiektu bat abiatzeko, baina ez dute inoiz aukera hori baliatu nahi izan; gaur egun ere ez, nahiz eta, historian lehen aldiz, Nafarroako presidentea abertzalea den".

Motibazio politikoko indarkeria

Sozialisten esanetan, egon beharko litzateke, azken testuan, aipamen bat "berriki bizi izan dugun historiaren gainean". Hala, autonomia sendotu eta garatu izan den garai hauetan, motibazio politikoko indarkeria pairatu izan da gurean, eta hori deskribatu beharko litzateke, benetako modu batean, eta adostasunarekin”.

Biktimen memoria eta egia oinarri hartuta, betiko bakerako eta aniztasun demokratikorako komuneko etorkizunaren proiektuari lagundu beharko lioke aipamen horrek.

PSEk uste du zehatzago definitu beharko litzatekeela euskal erkidegoa zer den, Espainiako eta Europako komuneko proiektu baten barruan, elkarbizitza-egitasmo gisa; horrez gain, "euskararen estatusa ere zehaztu beharko litzateke, eta ofizialak diren bi hizkuntzak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea ere".

PSEren agiriaren arabera, zehaztu beharko litzateke zeintzuk diren Euskadiri dagozkion eskumenak: "Auzitegi Konstituzionalak hainbat aldiz berretsi du ez dagoela baldintzatzerik, Estatutu batetik, Estatuak bere esku dituen eskumen-sorta. Hori Konstituzioaren aurreko erreforma batek bakarrik gauzatu ahal izango luke".

Sozialistek uste dute beharrezkoa dela aztertzea EAEk Europar Batasunarekin dituen harremanak, "arlo horretako parte-hartzea hobeto zehaztea xede, batez ere Euskadik eskumenak dituen arloetan". Halaber, Autonomia Erkidegoak malgutasun handiagoa izan beharko luke, kanpoko arazoetarako.

Estatuko Gobernuarekin EAEk dituen harreman-baliabideak ere zehaztu beharko lirateke. PSEren iritziz, aldebikotasuna egon beharko litzateke Euskadik erabateko eskumena dituen gaietan (Kontzertu Ekonomikoan, Segurtasunean, Polizian…). Gainera, bereziki Senatua erabiliz, eta baliabide federalen bidez, parte hartu beharko luke EAEk gainerako eskumenetan ere.

Barneko harremanetan, PSE-EEk Lurralde Historikoen Legearen eraldaketa ere proposatzen du; Eusko Legebiltzarrak izango luke, hortaz, zerga-sistema arautzeko gaitasuna.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena