Politika -

Memoria Historikoa

Frankismoko presoen esklabotza kasuak salatzeko lehenengo kereila jarri dute nafar batzuen senideek

Igari, Bidankoze eta Erronkari lotzen dituen errepidea eraiki zuten presoen senideak dira. Esklabotza baldintzetan aritu zirela eta, "gizateriaren kontrako krimenen biktima" gisa aitortzeko eskatzen dute.

Esklabutzan eduki zituzten frankismoko preso nafarren senideak. Argazkia: Efe
Esklabutzan eduki zituzten frankismoko preso nafarren senideak. Argazkia: Efe
Esklabutzan eduki zituzten frankismoko preso nafarren senideak. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frankismoan preso hartu zituzten 12 nafar errepublikanoren senideek kereila bat aurkeztu dute Agoizko Epaitegian, euren senideak esklabotzan izan zituztela aitor dezaten. Horrelako lehenengo kereila da, eta Espainiako Justiziak "gizateriaren aurkako krimenen biktima" gisa aitortzea du helburu, "Nazioarteko Zuzenbideak" egiten duen moduan.

Horixe jakinarazi dute Iruñean emandako prentsaurreko batean Balen Esteban kereila jarri dutenen bozeramaile eta presoetako baten semeak, Sabino Cuadra Ceaqua Argentinan jarritako kereila babesteko taldearen bozeramaileak, Ana Barrena Memoriaren Bideak elkartearen ordezkariak eta Jacinto Lara abokatuak.

Larak aitortu du lehenengo urratsa Agoizko Epaitegiak kereila tramitera onartzea dela, eta orduan hasiko direla ikertzen zenbat kargudun frankista dauden tartean: "Batzuk identifikatuta ditugu, baina ikertu beharreko puntuetako bat da".

"Kereilaren ibilbidea ez da jakina, eta esperientziak esaten digu zuhurrak izan behar dugula. Espero dugu tramitera onartzea, zeren ez da soilik kontu judizial bat, politikoa ere bada", gaineratu du.

Igari, Bidankoze eta Erronkari lotzen dituen errepidea egin zuten presoetako batzuen familiak dira kereila jarri dutenak, eta haien "duintasuna" defendatzeko eta egitura militar frankista zigortzeko egin omen dute.

17 kilometro ditu Erronkaribar eta Zaraitzu ibarrak lotzen dituen aipatu errepideak, eta guztira 15.000 preso izan omen ziren zeregin horietan eta bestelako eraikin militarrak egiten aritu zirenak.

Memoriaren Bideak elkartearen ordezkariaren esanetan, preso horiek gaizki elikatzen zituzten, lan gogorrak jartzen zizkieten eta utzita zeuden eraikinetan pilatzen zituzten, edo egurrezko etxoletan, eta muturreko tenperaturak jasaten zituzten. "Gainera, jipoiak eta exekuzioak" ere ohikoak omen ziren, Ana Barrenak azaldu duenez.

"Gutxienez hiru preso hil zituzten ihes egiten saiatzea leporatuta, beste 9 Iruñeko Ospitale Militarrean hil ziren, gaixotasunengatik edo istripuengatik, eta beste heriotza bat argitu gabe dago", gehitu du.

Senideek errespetua eta aitortza eskatzen dute, egia jakin dadila, "baita egia judiziala ere": "Gure gizarteak zor bat du preso horiekin eta babesten omen dituen balio demokratikoekin. Ez da onargarria egungo inpunitateak jarraitzea. Senideok egia, justizia eta erreparazioa behar ditugu, gizateriaren aurkako krimen hauek ez daitezen errepikatu".

Memoria berreskuratzeko ahalegin horretan, Memoriaren Bideak kolektiboak 2004tik omendu ditu errepidean lanean aritu ziren esklaboak, eta monolito bat jarri zuen Igari-Bidankoze gainean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Salaketak argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa