Politika -

ZENTSURA MOZIOA

UPNk "hautsi" egingo du "harreman politiko oro" PSNrekin, eta mobilizatzera deitu ditu herritarrak

Hala, elkarretaratzeak deitu ditu iganderako, abenduak 17, eta Cristina Ibarrola Iruñeko alkatea kargutik kenduko duen mozioa eztabaidatuko den egunerako, abenduak 28.

UPNren Batzorde Exekutiboren bilera, gaur arratsaldean. Argazkia: EITB Media
 UPNren Batzorde Exekutiboren bilera, gaur arratsaldean.
UPNren Batzorde Exekutiboren bilera, gaur arratsaldean. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk eta PSNk Iruñeko Udalean adostu duten zentsura mozioaren aurrean, UPNren Batzorde Exekutiboak erabaki du sozialistekin adostutako udal akordio guztiak haustea, EH Bilduk zuzentzen duen Nafarroako Udalen Federazioan ez parte hartzea, Erriberagoitiko Mankomunitatean zentsura mozio bat aurkeztea eta herritarrei "gizalegez manifestatzeko" deia egitea.

EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin-ek zentsura mozioa aurkeztu dute UPNko Cristina Ibarrola alkatearen aurka, eta EH Bilduko Joseba Asironen esku utziko dute alkatetza.

Ibarrolari babes osoa eman eta azken hilabeteotan egindako "lan handia" eskertu ondoren, UPNk adierazi du "haserre" dagoela "Alderdi Sozialistak hartutako erabakiagatik eta EH Bilduren zentsura mozioa babesteko arrazoiak faltsutzeagatik".

Javier Esparza presidenteak goizean aurreratu duenaren ildo beretik, "UPNk PSOErekin duen harreman politiko oro etetea" adostu dute. Era berean, esan dute "PSNrekin udal mailan dituen akordioak" hautsiko dituztela eta "Nafarroako Erriberagoitiko Mankomunitatean zentsura mozioa" aurkeztuko dutela.

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioan (NUKF) ez parte hartzeko erabakiari buruz, UPNk adierazi du "demokratikoa izango den eta Nafarroako aniztasuna errespetatuko duen udalen elkarte berri bat" sortuko dutela.

Horrela, erregionalistek herritarrei dei egin diete "manifestazio zibikoak" egitera, PSNren erabakiaren aurka agertzeko. Mobilizazioak hilaren 17an, igandearekin, 12:00etan, eta 28an, ostegunarekin, 11:30ean, izango dira, Udaletxeko Plazan. Izan ere, mozioa 28an eztabaidatuko da, eguerdian. "Alderdi Sozialistak Iruñeko Udala EH Bilduko terroristei ematea erabaki du", gehitu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea UPN PSN Geroa Bai Nafarroa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Iruñeko Udala Cristina Ibarrola Iruñea