Itxi

Eusko Label Winter Series

Eusko Label Winter Series

Eusko Label Winter Series

Zesta-punta

Eusko Label Winter Serieseko finala, gaur, zuzenean, eitb.eus-en eta ETB1en

EITB Media

Igande honetan jokatuko da 2023-2024ko Eusko Label Winter Serieseko finala. Goikoetxea-Lekerika eta Erkiaga-Ibarluzea bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago txapelaren bila. Final handia zuzenean eskainiko dute eitb.eus-ek eta ETB1ek, 12:00etan.

  • Eusko Label Winter Serieseko finalistak

    Eusko Label Winter Serieseko finalistak. Argazkia: EITB Media

2023-2024ko Eusko Label Winter Serieseko finala gaur, otsailaren 18an, igandea, jokatuko da, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. Goikoetxea-Lekerika eta Erkiaga-Ibarluzea bikoteek izango dute txapela jokoan, eta final handia zuzenean eskainiko dute eitb.eus-ek eta ETB1ek.

Iñaki Osa Goikoetxearen azken partida izango da profesional mailan. Zumaiarrak 43 urte dituela esango dio agur zesta-puntari, eta txapela lortuta eman nahi dio amaiera kirol-ibilbide oparoari. Txapela lortzeko, Lekerikaren laguntza izango du, baina Erkiagak eta Ibarluzeak ere helburu bera dute, eta ez dute erraztasunik emango.

Goikoetxea-Lekerika bikoteak A multzoan ekin zion Eusko Label Winter Series txapelketari Olharan-Del Rio, Goitia-Basque eta Erik-Minvielle bikoteekin batera. Multzoen fasean, hiru partida jokatu eta hirurak irabazi zituzten Goikok eta Lekek; ondorioz, finalerdirako txartela eskuratu zuten.

Urtarrilaren 29an jokatu zen txapelketako lehen finalerdia, eta Goikoetxeak eta Lekerikak finalera sailkatzea lortu zuten, Johan-Lopez B multzoko bigarren sailkatuak mendean hartuta, 15-8, 9-15 eta 5-4ko emaitzarekin.

Bestalde, Erkiaga eta Ibarluzea B multzoan lehiatu ziren. Horiek ere, hiru partida jokatu eta hirurak irabazi zituzten multzoen fasean, eta finalerdietarako txartel zuzena lortu zuten horrela. Finalerdian, Erkiaga-Ibarluzea bikotea nagusi izan zen Olharanen eta Del Rioren kontra (15-8 eta 15-13).

Beraz, txapelketako bi bikote onenak ikusi ahalko ditugu lehian final handian. Sarrerak agortuta daude, baina EITB Mediak jarraipen berezia egingo du. Finalaren inguruko xehetasun guztien berri emango du eitb.eus-en, sare sozialetan eta ETB1en, baita Euskadi Irratian zein Radio Euskadin ere.

Goikoetxearen eta Lekerikaren finalera arteko partida guztiak:

Multzoen fasea:

Goikoetxea-Lekerika vs Erik-Minvielle (15-8 eta 15-9)

Goikoetxea-Lekerika vs Cosme (Olharanen ordezkoa)-Del Rio (15-9 eta 15-5)

Goikoetxea-Lekerika vs Goitia-Basque (15-14 eta 15-5)

Finalerdia:

Goikoetxea-Lekerika vs Johan-Lopez (15-8, 9-15 eta 5-4)

Erkiagaren eta Ibarluzearen finalera arteko partida guztiak:

Multzoen fasea:

Erkiaga-Ibarluzea vs Johan-Lopez (15-6, 14-15 eta 5-3)

Erkiaga-Ibarluzea vs Arbe-Manci (15-6 eta 15-5)

Erkiaga-Ibarluzea vs Laduche-Gorka (15-14, 9-15 eta 5-3)

Finalerdia:

Erkiaga-Ibarluzea vs Olharan-Del Rio (15-11 eta 15-13)