Mundua
Hondamendia
Ia 50.000 hildako egon litezke Haitin, Gurutze Gorriaren arabera
Erredakzioa
Hiriburuan gorpuak pilatuta daude nonahi. Haitira zihoazen hegaldiak eten dituzte AEBek, Port-au-Princeko aireportua gainezka dagoelako, eta 100 milioi dolarreko diru-laguntza iragarri dute.
Port-au-Prince Haitiko hiriburuko herritarrak bizi bila ari dira gaur hondakinen artean, atzo 7 graduko lurrikara batek herrialdea suntsitu eta gero. Bien bitartean, nazioartea mobilizatzen ari da biktimei laguntza emateko. Haiti-ko Gurutze Gorriak egindako lehen kalkuluen arabera, ia 50.000 hildako egon daitezke lurrikararen ondorioz. Horrez gain, 3 milioi pertsonek zauriak izan dituztela edo etxerik gabe gelditu direla uste du Gurutze Gorriak.
Nazioarteko Moneta Funtsak 100 milioi dolar bidaliko ditu berehala Haitira. Diru-laguntza hori aurrerago handituko duela iragarri du. Gainera, Barack Obama AEBetako presidenteak ere 100 milioi dolarreko laguntza iragarri du, laguntza humanitarioa indartzeko. Era berean, Haiti bere Gobernuaren lehentasuna dela adierazi du.
Joe Biden presidenteordearekin eta Hillary Clinton estatu-idazkariarekin batera eman du prentsaurrekoa Obamak Etxe Zurian eta tragedia "suntsitzailea" izan dela azaldu du. 100 milioi dolarreko diru-laguntza urtean zehar handitzen joango dela azpimarratu du agintariak, herrialdeko berreraikuntza eta berreskuratzea laguntzeko.
Horrela, historia garaikideko laguntza humanitariorik handiena abian jarriko dute AEBek eta Haitiko Gobernua bere eginbeharrak betetzeko gai ez dela esan dute, lurrikarak eragindako hondamendiaren ondorioz.
Bitartean, lehen erreskate taldeak Haitira heldu dira, bizitzak salbatzeko eta beharrizanak aztertzeko. Port-au-Princeko aireportua AEBetako Armada kontrolatzen ari dela jakinarazi du Obamak.
Berreraikuntza
Bestalde, Obamari eta Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteari "konferentzia handi" bat egitea proposatuko diela iragarri du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, Haiti berreraikitzeko helburuarekin.
Lurrikara suntsitzailea herrialdea "aspalditik" bizi duen "madarikaziotik" ateratzen laguntzeko aukera izan behar duela esan du Frantziako estatuburuak, eta "datozen asteetan" Haitira joango dela jakitera eman du.
Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiaren arabera, 3 milioi biktima (herritarren herena) daude herrialde hartan, hildakoak, zauritutakoak eta kalte materialak jaso dituztenak zenbatuta.
Lurrikaren eta ondorengo hiru dardaren ondorioz, hiriburuko kaleak hilerri bihurtu ziren, gorpuak nonahi ikus baitaitezke.
Agintariek ez dituzte oraindik zenbatu hildakoak, baina "ehunka mila" izan litezkeela esan du Jean Max Bellerive lehen ministroak.
Kalteak, baina, materialak ere izan dira. Eraikin gehienak eraitsi dira, tartean Katedrala eta herrialdeko presidentearen jauregia.
Lurrikara jazo zenetik 24 ordu pasatu diren honetan, nazioarteko kazetariak han daude jada, eta haien kontakizunak beldurgarriak dira, oso: Gorpuak bazter guztietan pilatuta, zauritutakoak laguntza eske baina ezin topatu, herritarrak euren eskuekin hondakinen artean bizi bila, etxea galdu dutenak zaborrekin babeslekuak egiten saiatzen...
"Kaleetan gorpuak jasotzea ezinezkoa dela dirudi une honetan. Ospitaleak ez dira existitzen, edo egoera beldurgarrian daude, [...] eta ez dago hondakinak kentzeko makinarik. Herritarrak euren eskuekin egiten ari dira", azaldu du Sanjay Gupta CNN telebista-kate estatubatuarraren berriemaile bereziak.
Aipatu hedabideak hainbat irudi grabatu ditu Haitin, eta horietan infernua ikus daiteke. Hondakinen artean bizirik jarraitzen dutenen oihuak entzuten dira, baina gainerakoek ezin erreskatatu. Beste batzuk etxe birrindutik irteten saiatzen. Beste asko gurpilekin sutzarrak pizten, hotzari aurre egiteko. Izan ere, lurrikara izan zenetik argindarrik gabe daude Port-au-Princen.
Aireportuko kolapsoa
Haitira zihoazen hegaldiak eten dituzte AEBek Port-au-Princeko aireportuaren kolapsoa dela eta, AEBetako Gobernuko iturriek jakinarazi dutenez. 11 hegazkin Haitiren inguruan bueltaka ibiltzera behartu dituzte, lur hartzeko baimenik ez zutelako.
Port-au-Princeko aireportua gainezka dagoela esan dute AEBetako agintariek. Antza denez, lurreko langileak ez dira merkantziak azkar deskargatzeko gai eta, ondorioz, ez dituzte lur hartzeko pistak hutsik uzten.
Laguntzak heltzen hasi dira
Hala eta guztiz ere, nazioarteko lehen laguntzak heltzen hasi dira herrialdera, Duly Brutus Haitik Estatu Amerikarren Erakundean (OEA) duen enbaxadoreak azaldu duenez. "Haitik ez du inoiz nazioarteko laguntzaren horren behar handia izan", adierazi du.
Gaur bertan, erreskate taldeetako 72 aditu eta ontzi kostazain bat iritsi dira AEBetatik, herritarrei laguntzeko. Washingtonek beste hiru talde bidaliko ditu hurrengo orduetan.
Latinoamerikak ere erantzun azkarra izan du hondamendiaren aurrean. Dominikar Errepublika, Venezuela, Txile, Kuba, Ekuador, Kolonbia, Argentina, Peru, Mexiko, Brasil, Guatemala, Panama, Nikaragua eta beste hainbat herrialde jada mobilizatu dira.
Espainiak hiru hegazkin bidaliko ditu gaur, eta Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro zuzenduko ditu. Gainera, 27 ertzain joango dira herrialde hartara, erreskate lanetan laguntzeko.
Eusko Jaurlaritza lurrikararen kaltetuak laguntzeko Haitira joango diren Ertzaintzako lehenengo adituak arratsaldeko laurak aldera irten dira, Torrejoneko aireportutik.
NBEk ere dirua eman du, 10 milioi dolar hain zuzen ere, larrialdietarako funtsetik.
Espainiarrak
75 espainiar lokalizatu dituzte Haitin, Atzerri Ministerioko iturriek jakinarazi duenez. Guztira 111 espainiar dira Haitin. Espainiako Enbaxadak aurkitu ostean 14k Espainiara ekartzea eskatu dute eta hegaldiak antolatzeko zain dira, Europako beste herritarrekin itzultzeko.