Politika
Lokarriren txostena
Bake bidean mugimenduak ematen ari direla antzeman du gizarteak
Erredakzioa
Gizarteak begi onez hartu du ezker abertzalearen eztabaida eta udatik atentaturik egon ez izana. Lokarrik indarkeria uzteko eskatu dio ETAri eta Batasunaren hausnarketa oztopatu ez dezala Gobernuari.
Euskal gizarteak uste du bakea lortzeko prozesua "blokeo egoera" gainditzeko bidean dagoela eta itxaropena agertu du ezker abertzalearen baitan eztabaida "sakon bat" ematen ari delako eta "indarkeriarik gabeko bide demokratikoetan oinarritutako prozesuaren aldeko borondatea erakusten duelako".
Lokarrik gaur ezagutarazitako ikerketaren arabera, herritarrek itxaropenez hartu dute ETAk udatik atentaturik egin ez izana eta ezker abertzalea bere estrategia berria zehazteko hausnarketa batean murgiltzea.
Bake prozesuaren egoerari buruz txostenak dio ez dela "hobekuntza nabarmenik izan", ETAk ez duelako armak uzteko borondaterik agertu eta alderdiek eta gobernuek ez dutelako elkarrizketa prozesurik martxan jarri.
Gomendioak
Ildo horretan, Lokarrik zenbait gomendio egin ditu. Paul Riosek adierazi duenez, "ezinbestekoa" izango litzateke ETAk adierazpen bat egitea armak uzten dituela esanez bake prozesu eraginkor bat abian jartzeko.
Era berean, Altsasuko Proposamenaz gain, ezker abertzalea ETArengandik aldentzea edota erakunde horri borroka armatua albo batean uztea eskatzea beharrezkoa dela iritzi dio.
Horrez gain, aro berriak irekitzeko aukeren aurrean "oztopoak ez jartzeko" galdegin die gobernu ezberdinei. "Horrenbestez, ezker abertzalearen hausnarketa zail dezaketen neurri gehiagorik ez hartzeko eskatzen diegu, baita kartzelan dauden bere buruzagiak askatzea ere, eztabaida horretan parte har dezaten. Oinarrizko eskubide eta askatasun demokratikoen urraketa amaitzea ere ezinbestekotzat jotzen dugu", azaldu du.