Itxi

Politika

PPren proposamena

Hauteskunde Legea ez aldatzeko bermea eskatu dio EBk lehendakariari

Erredakzioa

Gainera, Legebiltzarrean legearen aldeko adierazpen publikoa egiteko eskatu dio Patxi Lopezi Ezker Batuak, izan ere, legea aldatzeak "demokrazia eta aniztasuna galtzea" ekarriko luke.

Serafin Llamas Ezker Batuaren Presidentziaren bozeramaileak eskea egin dio gaur Patxi Lopez lehendakariari: erakuts dezala konpromiso "irmoa" eta egin dezala adierazpen publiko bat Eusko Legebiltzarrean Hauteskunde Legea ez duela aldatuko ziurtatuz. Llamasen arabera, Hauteskunde Legea aldatzeak "demokrazia eta aniztasuna galtzea" ekarriko luke.

Bilbon emandako prentsaurreko batean, EBren bozeramaileak PPren proposamena izan du hizpide. Legebiltzarrean eserleku bat lortzeko gutxienez botoen % 5 eskuratu behar izatea proposatu du Alderdi Popularrak; egun % 3 da gutxienekoa.

Llamasek berretsi duenez, "PPk proposatzen duen, eta PSEk babes lezakeen, aldaketa horrek demokrazia eta aniztasuna galtzea ekarriko luke, eta ez gaude hori gertatzen uzteko prest".

EBren agintariak uste du Legebiltzarra "euskal gizartea ordezkatzen duen arku politiko anitzaren ordezkaria" izan behar duela, beraz, "ezin da aniztasunaren eta demokraziaren kontrako neurririk hartu".

Haren esanetan, "euskal gizarteak Hauteskunde Legearen aldaketa bat eskatzen badu hori boto guztiek berdin balio izatea da, zeren ezinezkoa da arabar baten botoak lau bizkaitarrenak halako balio izatea, hori da zuzendu beharrekoa".

Alderdien Legea

Serafin Llamasek esan du PP eta PSE "dagoeneko aprobetxatzen" ari direla "Alderdien Legea, horri esker lortu baitute Jaurlaritzara iristea, baina oraindik gehiago nahi dute Hauteskunde Legea aldatuta".