Itxi

Mundua

Hauteskundeak

Eskuindarrek gobernatuko dute Txilen 52 urte eta gero

Erredakzioa

Sebastian Piñera eskuindarrak botoen % 52 eskuratu du eta Eduardo Frei hautagai ofizialistak % 48, botoen % 60 zenbatuta.

Sebastian Piñera Coalicion por el Cambio alderdi eskuindarreko hautagaiak irabazi ditu Txileko hauteskundeak, botoen % 60,32 zenbatuta.

Egungo oposizioko hautagaiak botoen % 51,87 lortu ditu, Eduardo Frei hautagai ofizialistak, berriz, % 48; Patricio Rosende Barne Ministerioko azpi idazkariak agerraldi publiko batean iragarri duenez.

8.285.186 txiletar zeuden deituta igandean 34.348 hauteskunde mahaietan botoa ematera. Martxoaren 1ean kargua hartuko duen Michelle Bachelet presidente sozialistaren oinordekoa hautatzeko ardura zuten herritarrek.

Aipatu emaitzak baieztatuz gero, Txileko eskuindarrek Errepublikako Gobernua berreskuratuko dute modu demokratikoan 52 urte eta gero, 1958an Jorge Alessandrik hauteskundeak irabazi ondoren.

Piñerak Concertacion alderdiaren lau agintaldiei eman die amaiera eta lehenengo eskuineko gobernuburua izango da Txile, 1990ean, demokraziara itzuli zenetik.

Poza eta tristura

Emaitzak jakin eta berehala, Piñeraren jarraitzaileek kaleak hartu dituzte txalo eta oihu artean enpresariaren garaipena ospatzeko.

Kontrako aldean geratu dira Eduardo Freiren egoitzan bildutakoak, izan ere, Concertacion alderdiko buruzagiek eta Gobernuko agintariek ez dute atsekabea ezkutatzerik izan.