Itxi

Mundua

Turkia

Juan Pablo II.aren kontrako atentatua egin zuena, libre

Erredakzioa

1981eko maiatzaren 13an aita santua larri zauritu zuen tiroz Vatikanon, San Pietro plazan meza ematera zihoanean.

Memhet Ali Agca 1981ean Juan Pablo II.aren kontra atentatua egin zuen turkiarra Ankara ondoko kartzela batetik atera dute eta libre dago jada.

Agca Armadaren egoitza batera eraman dute berehala eta bertan mediku azterketa egingo diote soldaduska egiteko gai ote den zehazteko, izan ere, oraindik ez du egin.

Sican kanpoaldean zain zeuden kazetariek ezin izan dute Vatikanon aita santua hiltzen saiatu zen gizonezkoa ikusi ahal izan.

Soslaia

Mehmet Ali Agca Malatia probintzia turkiarreko auzo pobre batean jaio zen 1958an.

Haurra zenean ura saltzen zuen eta tren geltokietan ikatz arrastoak jasotzen zituen. Otso Grisak taldeari lotuta jardun zuen urtetan, Mugimendu Nazionala alderdiaren baitan, Aspaslan Turkes koronelaren agindupean, eta Palestinarren alde ere borroka egin zuen.

Malatian delituak egin zituenez, Istanbulera joan zen, eta agiri faltsuekin goi-mailako ikasketak egitea lortu zuen.

1979ko otsailaren 1ean Abdi Ipekci Millie egunkariaren zuzendari eta kazetaria hiltzea leporatu zioten. Dirudienez, bere alderdiak agindu zion ekintza hura eta atxilotu egin zuten. Gero, onartu egin zuen hilketa egin izana, baina epaileak ebazpena eman baino lehenago, Turkiako kartzela seguruenetik alde egitea lortu zuen.

1980ko uztailean Bulgaria zeharkatu zuen Turkiako Justiziatik ihesi eta Alemania, Italia, Suitza, Espainia eta Tunez igaro ostean, Vatikanoko San Pietro plazaraino iritsi zen.

Bertan, 1981eko maiatzaren 13an, Browning pistola batekin larri zauritu zuen Juan Pablo II.a aita santua, asteazkeneko meza eman baino lehen.

Agca atxilotu egin zuten eta armaz gain, turkieraz idatzitako ohar bat topatu zioten poltsikoan, honako idatziarekin: "Nik, Agcak, Aita Santua hil dut, munduak jakin dezan inperialismoaren milaka biktima daudela mundu osoan".

Urte hartako udan biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten eta 1985ean, "mendeko epaiketa" deitzen zaion horretan, Juan Pablo II.aren kontrako nazioarteko ustezko konspirazioa ikertu zuten.