Itxi

Politika

Elkarrizketa Radio Euskadin

PPk PSEri: "Denentzat agintzea ez da EAJren begiko izatea"

Erredakzioa

Bestalde, Antonio Basagoitik ETAren azken agiria ere izan du hizpide eta bere iritzian, "2011ko hauteskundeetan ETAk parte ez hartzea lortzen badugu, terrorismoaren amaiera laster helduko da".

Antonio Basagoitik uste du PSE eta PPren arteko hitzarmenak Eusko Jaurlaritzan zortzi urteko iraupena izan behar duela, "azken 30 urteotan, EAJren agintepean, sortu diren gaitzak eta haserreak gainditzeko".

Radio Euskadin egindako elkarrizketan azaldu duenez, aipatu hitzarmena udaletara eta diputazioetara eramatearen aldekoa da, baina 2011ko hauteskundeen ostean, herritarrek beren botoekin horrela adierazten badute eta erakunde bakoitzeko egoera aztertuta.

Basagoitik azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak "denentzat gobernatu" behar duela, baina Patxi Lopez lehendakariari eta PSEri ondoko ohartarazpena egin dio: "Denentzat gobernatzea ez da EAJren eta Urkulluren begiko izatea. EAJ ez da aniztasuna".

Bestalde, Basagoitiren iritzian, datozen udal eta foru hauteskundeetan "ETAk parte hartzerik ez badu, terrorismoaren laster ikusiko dugu".

Azken agirian ETAk politikaren alde egiten duela, baina "terrorismoa uzteko" borondaterik agertzen ez duela esan du eta horren helburua "2011ko hauteskundeetan parte hartzea" dela nabarmendu du.

"Hauteskundeetan eta erakundeetan egotea ekiditen badugu, ETA ia akabatuta egongo da. Garrantzitsuena ez da ETAk zer esaten duen, garrantzitsuena gainerakoek zer egiten dugun da", azaldu du.