Itxi

Mundua

Afganistan

15 hildako Kabulen erdigunean talibanek egindako erasoan

Erredakzioa

Zenbait ministerio eta Banku Zentrala kokatuta dauden eremuan aldi bereko leherketen bidez eraso egin dute matxinatuek. Karzaik egoera "kontrolpean" dagoela ziurtatu du. 9 taliban hil egin dituzte.

Gutxienez bost zibil, polizia bat eta bederatzi matxinatu hil egin dira dagoeneko talibanek burututako erasoan Kabulen erdigunean (Afganistan). Lau talibanek buruaz beste egin dute hiriko kokapen ezberdinetan, eta beste matxinatu batzuek segurtasun indarrei aurre egin diete.

Iturri ofizialen arabera, segurtasun indarrek saltoki-gune batean babestu diren bost matxinatu hil egin dituzte, hiriaren erdigunean leherketa txiki batzuk egin ostean.

Poliziak saltoki-gunearen kontrola hartu du, baina tiroketan agente bat hil egin da eta beste lau zauritu egin dira. Guztira 38 lagun zauritu egin dira erasoetan.

Justizia eta Finantza Ministerioak, Presidentearen Jauregia, Banku Zentrala eta Serena luxuzko hotela kokatuta dagoen eremuan egin dituzte erasoak. Ekintzan 20 taliban inguruk parte hartu dute. Erasoa izan denean Gobernu berriko zenbait ministro izendatzen ari ziren.

Matxinatuek kohete bat jaurti dute Banku Zentralaren kontra eta saltoki-gune batean auto-bonba bat lehertu dute.

Matxinatuek ez dute Gobernuaren eraikuntzarik hartzea lortu, baina kaosa sortu dute hirian, urte osoan izan den gogorrena.

Hamid Karzai Afganistango presidenteak Kabulen egoera "kontrolpean" dagoela ziurtatu du.

Karzaik erasoa gaitzetsi du eta segurtasun indarrei zainketa neurriak indartu ditzatela agindu die.

Defentsa Ministerioaren arabera, zenbait matxinatu zinema batean sartu dira eta orduak dira bertan segurtasun indarren kontra tiroka ari direla.