Gizartea
Auzitegi Nazionala
'Alakrana'k 500.000 euroko kalteak izan zituen bahiketaren ondorioz
Erredakzioa
Santiago Pedraz epaileak Kepa Etxebarria 'Alakrana'ren armadorea galdekatu du, "denetarik" galdetu dio, baita bahiketa amaitzeko erreskatea ordaindu ote zen ere, baina ez dute kopururik baieztatu.
Kepa Etxebarria ''Alakrana'' ontziaren armadoreak Auzitegi Nazionalean esan duenez, pirata somaliarren bahiketaren ondorioz 500.000 euroko kalteak izan dituzte. ''Alakrana'' 47 egunez izan zuten bahituta eta gaur Santiago Pedraz epaileak armadorea galdekatu du.
Pedraz epaileak bahiketaren ondorioz irekitako auzian akusazio partikular izateko aukera eskaini dio Etxebarria armadoreari, bahituta izan ziren marinelekin (zortzi euskal herritar eta zortzi galiziar) egin zuen moduan.
Auzi honetan bigarren zati bat ireki zuen Pedraz epaileak, Fiskaltzak eskatuta bahiketa amaitzeko erreskaterik ordaindu zen ala ez argitzeko. Sumario hori, baina, sekretupean dago.
Iturri judizialen arabera, "denetarik" galdetu dio armadoreari, baita erresketarik ordaindu bazen jakin badaki edo ez, baina ez dute erantzuna zabaldu.
Pedraz epaileak ''Alakrana''ko marinelak ere galdekatu zituen Gernika eta Vigoko epaitegietan. Auzi honetan Abdu Willy eta Raageggesey Adji Haman pirata somaliarrak daude inputatuta. Oraindik ez dute ahozko epaiketari hasiera emateko data zehaztu.