Itxi

Mundua

Filmerik arrakastatsuena

Confuciori buruzko 'biopic' batek 'Avatar' ordezka dezake Txinan

Erredakzioa

Arrakasta izugarria izan duen arren, Txinako Gobernuarentzat Cameronen filmeak iraultza eta indarkeria sustatu ditzake ikusleengan. Neurriak 2Dko pelikuletan izango du eragina bakarrik.

James Cameronek zuzendutako Avatar pelikula Txinako historiako arrakastatsuena bilakatu da, 516 milioi yuaneko diru kopurua bilduz (52,45 milioi euro).

Herrialdeko zinemetan filmea ikusteko sarrerak aste beteko epearekin erosi behar dira eta batzuek etekin handia ateratzen dute birsalmentarekin.

Arrakasta horrek kontrako emaitza ekarri du, Hong Kongo Daily Apple egunkariaren arabera, Txinako Gobernuak filmea zinemetatik kentzeko asmoa baitute.

Agintariek Confucio filosofo txinatarraren bizitzaren inguruko pelikula bat jarri nahi dute Avatar-en ordez 1.600 zinemetan. Filmea datorren urtarrilaren 23an kentzeko asmoa dute, baina 3D formatoan ematen jarraituko dute.

Egunkariak dioenez, Gobernuak bi arrazoi ditu Avatar zinemetatik kentzeko: batetik, filmearen arrakastaren ondorioz, pelikula nazionalen merkatuaren zatik bat bere gain hartu du; eta bestetik, ikusleak iraultza egitera eta indarkeriara bultzatu ditzake.

Agintariak kezkatuta daude, zenbait ikuslek berdintasunak ikusi baitituzte filmeko istorioan, Gobernuak nekazariei egiten dizkieten nahitaezko desjabetzekin. Filmeak Navien borroka kontatzen du: Pandora planetako arraza bat da eta haien lurrak nahi dituzten gizakien kolonizazio bortitzari aurre egin behar diote.

Mundu osoan Avatarren 1.620 milioi dolar baino gehiago eskuratu ditu dagoeneko (1.125 milioi euro) eta historiako hirugarren pelikularik arrakastatsuena da.