Itxi

Politika

Gipuzkoako Aldundia

PSEk biktimen aldeko plana kritikatu du mehatxatuak ez sartzeagatik

Erredakzioa

Batzar Nagusietako talde sozialistak gogorarazi du 41.000 pertsona daudela EAEn ETAren mehatxupean eta planari alegazioak jarriko dizkio, biktima elkarteekin adostu ostean.

PSE-EEk Gipuzkoako Aldundiak sustatutako biktimen eta bakearen aldeko plana kritikatu du EAEn ETAren mehatxupean dauden 41.000 pertsonen egoera kontuan hartzen ez duelako.

PSE-EEk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen taldea 2009ko azaroan Diputatuen Kontseiluak onartutako planaren kontrako alegazioak prestatzen ari da.

Horretarako, sozialistak bederatzi biktimen eta bakearen aldeko elkarteetako ordezkariekin bildu dira, planari buruz duten iritzia eta dituzten proposamenak jasotzeko.

Lokarri, Terrorismoaren Biktimen Elkartea, Covite, Fernando Buesa Fundazioa, Segurtasun Indarren Elkartea, Fundacion para la Libertad, Santiago Apostol Terrorismoaren Biktimen elkartea, Kataluniako Terrorismoaren Biktimen elkartea eta Zaitu, Euskadiko Mehatxatuen Elkartea, izan dira bileran, eta beste batzuek idatzita bidali dituzte proposamenak.

Julio Astudillo diputatu sozialistak uste du Markel Olano ahaldun nagusiak aurkeztutako planak, biktimen babes iraunkorra aldarrikatzen zuenak, gabeziak dituela, mehatxatuak ez aipatzeagatik eta "askatasun faltaren" arazoan nahikoa sakontzen ez duelako.

"Mehatxatuen arazoa agerian utziko duen politika bat behar dugu", berretsi du diputatu sozialistak, "indarkeriari zilegitasuna kendu behar zaiola" ere ez dela azpimarratzen kritikatu aurretik.

Haren esanetan, Gipuzkoak "fundamentuzko plana" behar du biktimen alde, izan ere, ETAk hildako biktima gehien biltzen dituen lurraldea da.