Itxi

Mundua

Massachusettsen

Errepublikanoen garaipenak demokraten Senatuko gehiengoa gutxitu du

Erredakzioa

Scott Brown hautagai demokratari gailendu zaio, eta horrek kolokan jarriko du Obamaren Gobernuak egin nahi duen Osasun sistemaren erreforma onartzea.

Scott Brown errepublikanoak Martha Coakley demokratari irabazi dio Massachusetts estatuan egin dituzten hauteskunde garrantzitsuetan; Ted Kennedy demokratak, hil zenean, utzi zuen eserlekua betetzeko aukeraketan.

CNN telebista kateak zabaldu dituen behin behineko datuen arabera, Brownek botoen % 53 jaso du, hautagai demokratak % 46 eskuratu duelarik.

Brownen garaipena baieztatu denean, oraindik hauteskunde eskolen % 69 bakarrik zuten zenbatuta.

Coakleyren porrotak Alderdi Demokratak Senatuan duen "supergehiengoa" galtzea ekarri du, eta horrek arriskuan jar lezake Barack Obama AEBetako presidenteak egin nahi duen Osasun sistemaren erreformaren onarpena.

Senatuan 100 eserleku daude eta "supergehiengoa"k esan nahi du horietako 60 edukitzea, hau da, oposizioari lan egiten utzeko aukerari ez zaio ematen.

Garaipen horrekin, errepublikanoek orain 41 kide dituzte Senatuan.

CNNk jakitera eman duenez, Coakleyk porrota onartu du aurkari errepublikanoari zorionak emateko deitu dionean.

Hauteskunde horietan Joseph Kennedyk (ez da Kennedy sendi famatukoa) ere parte hartu du independente moduan eta botoen % 1 besterik ez du eskuratu, CNNren arabera.