Politika
Elkarrizketa Radio Euskadin
ETArengandik independizatzeko eskatu dio Aresek ezker abertzaleari
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak ziurtatu du gero eta pertsona gehiago daudela, espetxe barruan zein kanpoan, ETAk armak utzi behar dituela uste dutenak.
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak ETAtik "independizatzeko" exijitu dio gaur ezker abertzaleari, erakunde armatuak "berretsi" egin baitu indarkeriaren erabilera haren azken agirian.
Halaber, espetxe barruan zein kanpoan ETAk armak utzi behar dituela uste dutenak gero eta gehiago direla adierazi du. "Baina argi eta garbi eskatu behar dute", gaineratu du.
Radio Euskadin gaur goizean egindako elkarrizketa batean, Aresek gogorarazi du ETAk ez duela "terrorismoa" utziko duen iragarpenik egin azken agirian. Are gehiago, "abertzale erradikalek politikan egiten dutena zuzentzeko asmoei" eutsi diela esan du.
Horrenbestez, ETAri "fronte guztietatik" aurre egiten behar zaiola iritzi dio, hau da, "Polizien eta justiziaren ekintzetatik" eta euskal gizartearen "mespretxua eta gaitzespena" bilatuz.
Bere ustez, "ETArekin nazkatuta" dauden "herritar horiek guztiak" gidatzeko gai izan beharra dago, "ETAren parte direnek edo erakunde terroristari laguntza edo justifikazioa ematen diotenek euskal gizartearen gehiengo handi horren mespretxua nabari dezaten".
EA eta bloke independentista
Bestalde, Herrizaingo sailburuak ezker abertzaleak "ez engainatzeko" deia egin dio EAri, "zoritxarrez mundu horretan ez baitago politika baino ez egitearen aldeko apusturik".
Horren ildotik, "ETAtik argi eta garbi independizatzen ez direnekin" aliantzak egitea "hanka-sartze itzela" izango litzatekeela esan du.