Gizartea
Hipotermiak jota
Lezoko arrantzale bat hil da bere ontzia iraulita, Landetan
Erredakzioa
Ontzia itsaso zakarraren ondorioz irauli da, baina laguntza eskatzeko astia izan du. Beste itsasontzi batek bi arrantzale erreskatatu ditu eta handik gutxira helikoptero batek beste hiru.
Lezoko (Gipuzkoa) arrantzale bat hil da bere itsasontzia irauli ostean, Landetako kostaldean. Hendaiako (Iparralde) arrantza-ontzia itsaso zakarraren ondorioz irauli da Biscarrosseko kostaldetik 15 bat kilometrora, Landetan.
54 urteko gizona Hendaiako Txingudi kooperatibarentzat lanean ari zen, L''epaulard arrantza-ontzian hain zuzen ere. Ontzia arrantzan ari zen goizean, Biscarrosseko kostaldetik 15 kilometrora, ezbeharra izan duenean. Biscarrosse Arcachonetik 20 bat kilometrora dago.
Gertakariak 13:00ak aldera jazo dira. Baionan matrikulatutako ontziak laguntza eskatu du irauli eta gero. Itsasoak 4ko indarra zuen eta olatuak 3 metrokoak ziren.
Ondoren eskualdeko zaintza zentroak laguntza eskatu du eta bertaratzen lehenengoa Baionako beste arrantza-ontzi bat izan da. Ontzi horrek salbamendu-txalupa batean ziren bi arrantzale erreskatatu ditu.
Helikopteroa
Handik gutxira Frantziako Poliziaren helikoptero bat bertaratu da eta beste hiru lagun uretatik atera ditu. Ondoren bost arrantzaleak Bordeleko ospitale militarrera eraman dituzte.
Zoritxarrez Lezoko arrantzalea hil egin da hipotermiak jota. Gorpua bihar Donibane Lohizunera eramatea litzateke.