Itxi

Teknologia

Dispositibo mugikorretan

GPS eta nabigazio zerbitzuak doan eskainiko ditu Nokia konpainiak

Erredakzioa

Segurtasun kameren, radarren, eguraldiaren, Lonely Planet eta Michelin giden informazioa izango du 'Ovi Mapas' bertsio berriak.

''Ovi Mapas'' bertsio berria martxan jarriko du Nokia konpainiak dispositibo mugikorrentzako. Zerbitzuak autoentzako eta oinezkoentzako GPS nabigazioa eskaintzen du doan, ''Premium'' zerbitzua, Manuel Reverte zerbitzuetako marketing eta salmenten zuzendariak gaur jakinarazi duenez.

Segurtasun kameren, radarren, eguraldiaren, Lonely Planet eta Michelin giden informazioa izango du ''Ovi Mapas'' bertsio berriak, eta kosturik gabeko eguneratzeak izango ditu. Era berean, trafikoari buruzko informazio guztia doan izango dute Nokiaren bezeroek. Azken zerbitzu hori urteko bigarren hiruhilekoan izango dute erabilgarri Espainian.

''Premium'' zerbitzu hauen salneurria 50 eurokoa zen kasu batzuetan, autoarentzako urtebeteko iraupena duten baimenak Europan, edo 18 eurokoa, trafiko eta radarren informazioaren kasuan.

Mugimendu honek GPS nabigazio sistemen merkatua bikoizteko ahalmena duela azaldu du Finlandiako konpainiak. Konkretuki, nabigazio GPSa mugikorretan munduan gutxi gora behera 27 milioi ale dituela estimatzen dute Canalys bezalako agentziek. Nokiaren ekimen honekin merkatua 50 milioi ale izatera helduko dela azpimarratu dute.