Itxi

Politika

Manifestaldia deitu dute

Gesto por la Paz: "Bakea da bide posible bakarra"

Erredakzioa

Beste urte batez protesta mantentzen duela azaldu du kolektibo bakezaleak, "zoritxarrez, ETAren indarkeria terroristak eta mehatxuek jarraitzen dutelako". Manifestaldia urtarrilaren 30ean egingo dute.

Urtarrilaren 30erako manifestaldia deitu du gaur Gesto por la Paz koordinakundeak ''Bakea, bide bakarra'' lelopean, "bakea bide posible bakarra eta duina delako gizartearen etorkizuna eraikitzeko".

Beste urte batez (1988tik egiten du) protesta mantentzen duela azaldu du kolektibo bakezaleak komunikatu baten bidez, "zoritxarrez, ETAren indarkeria terroristak eta mehatxuek jarraitzen dutelako".

"ETA eta haren existentzia justifikatzen eta azaltzen jarraitzen dutenek bakea lortzeko eta gizarte gisa duintasunez aurrera egiteko oztopo nagusia dira", adierazi du Gesto por la Paz elkarteak.

Indarkeriaren amaiera

Indarkeriari amaiera emateko ETAk eta bere inguru politikoak "prozesu demokratiko" berri bat martxan jarriko ei dutenean, "indarkeriaren amaiera prozesuaren azkena ez" dela esan du koordinakunde bakezaleak, "gizarteari aurrera egiten utziko dion bide bakarraren hasiera baizik".

"Hasiera horrek atsekabe eta sufrimendu handia eragin duen historiako zati tragikoari amaiera emango dio behin betiko", azaldu du kolektibo bakezaleak.

Bilboko kaleetan, urtarrilaren 30ean, larunbata, egingo duten manifestaldian "Eduardo Puelles Garcia (Bilbon hildako polizia nazionala), Carlos Saenz de Tejada Garcia eta Diego Salva Lezaun (Palman hildako guardia zibilak), 2009ko ETAren biktimak, gogoan izango" dituztela azpimarratu du elkarteak.