Gizartea
Hondakin erradiaktiboak
Biltegi nuklear bat izateko hautagaitza aurkeztuko du Ascoko Udalak
Erredakzioa
Yebrak (Guadalajara) aurkeztutako hautagaitzarekin lehiatuko da Tarragonako udalerria. Yebrako Udalak dagoeneko osoko bilkuran onartu du instalazioa hartzeko hautagaitza aurkeztea.
Aldi Baterako Biltegi Zentrala (ATC) hartzeko hautagaitza aurkeztea erabaki du Ascoko Udalak (Tarragona). Bertan Espainiako zentral nuklear guztiek sortutako hondakin erradiaktiboak gordeko dituzte.
Udaleko iturriek baieztatu dutenez, Rafael Vidal (CiU) Ascoko alkateak ez-ohiko osoko bilkura deitu du urtarrilaren 26rako, biltegi nuklearra hartzeko hautagaitzaz eztabaidatzeko.
Hala ere, CiUko lau zinegotziek eta PSCko bakarrak ATC hartzeko aldeko botoa emango dutela jakinarazi dute Udaleko iturriek. Bitartean, oposizioan diren zinegotzi independenteek segur aski ez dute proposamenaren kontra egingo.
Proposamena datorren asteartean eztabaidatuko du Ascoko Udalak, Zona Nuklearretako Udalen Elkarteak (AMAC) egingo duen ez-ohiko batzar orokorra izan baino egun bat lehenago. Bertan ATC hartzeko hautagaiak zeintzuk izango dira erabakiko du AMACek.
Espainiako Gobernuak hautagaitzak aurkezteko ezarritako epea urtarrilaren 31n amaitzen da eta biltegiaren behin betiko kokapena apirilean ofiziala izango da.
Yebra, beste hautagaia
Tarragonako udalerria Yebrako Udalak (Guadalajara) aurkeztutako hautagaitzarekin lehiatuko da. Guadalajarako udalerriak osoko bilkuran onartu du instalazioa hartzeko interesa, momentuz hori egiten Espainiako bakarra da. Hala ere, Ascok abantaila du, izan ere, jadanik bi zentral nuklear ditu eta baita trena ere.
Espainiako zentral nuklearrek gastatutako erregaia gordeko du biltegiak eta eraikitzeko 700 eta 800 milioi euroko inbertsioa egin beharko dute. Eraikitzeko bost urte beharko dituztela uste dute eta 300 lanpostu sortuko ditu.