Mundua
133 lagun erreskatatuta
Gazte bat erreskatatu dute 11 egunez hondakinen artean egon ostean
Erredakzioa
Erreskate talde batzuk lanean ari dira oraindik. Haitiko Gobernuak berreraikitze lanekin hasi nahi du lehenbailehen. Lurrikara izan zenetik, guztira 133 lagun aurkitu dituzte bizirik.
Langile turkiarrek eta greziarrek osatutako erreskate talde batek 24 urteko gizon bat bizirik aurkitu du 11 egunez hotel baten eta supermerkatu baten hondakinen artean egon ostean, Port-au-Princen. Dirudienez zauritua osasun egoera onean dago.
Azken horrekin, dagoeneko, 133 lagun dira hondakinen artean bizirik aurkitu dituztenak, iragan urtarrilaren 12an lurrikara batek Haitiko kapitala birrindu zuenetik.
Nazio Batuek Haitik erreskate lanak amaitu dituela adierazi duen arren, Gobernuak informazio hori ukatu du eta zenbait erreskate talde oraindik lanean ari direla adierazi du. Hala ere, berreraikitze lanekin lehenbailehen hasteko asmoa du.
Bizirik aurkitu dituzten azken lagunak 84 urteko emakume bat eta 22 urteko gazte bat izan dira.
Erreskate lanetan 67 taldetan banatutako 1.918 pertsona eta 160 txakur parte hartu dute.
Haitik egindako azken behin-behineko zenbaketaren arabera, 111.499 lagun hil dira lurrikararen eraginez.
Orain gizaldeko laguntzaren betebeharra euren etxeak galdu eta jatekorik ez duten pertsonak laguntzea da.
Adopzioak
Legez kanpoko haur adopzioen ugaritzea da Unicefen kezka nagusietako bat. Unicefek baieztatu duenez, mafiak haurrengatik galdezka ibili direla Haitiko ospitaletan.
Ezin baieztatu desagertutako haurrak 15 direnik, baina Unicefek ohartarazi du legez kontrako adopzioak ugaritu egiten direla horrelako egoeratan, Sumatrako tsunamiaren ondoren gertatu zen bezala.