Politika
Gregorio Ordoñezen omenaldia
Aznarrek ezker abertzalea "hauteskundeetatik kanpo" uztea eskatu du
Erredakzioa
Gobernuko presidente ohiak Gregorio ordoñezen omenaldian parte hartu du Donostian. ETAk hil egin zuen Gipuzkoako PPko zinegotzi ohia duela 15 urte.
Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohiak Gregorio Ordoñezen omenaldian parte hartu du Donostian. Duela 15 urte ETAk hil egin zuen Gipuzkoako PPko buruzagi ohia.
Hitzaldian, Aznarrek "terroristen eta haien bozeramaleen iruzurrean" ez jausteko deia egin du, ezker abertzalea "datorren urteko udal-hauteskundeetatik kanpo utziz, bai EAEn eta bai Nafarroan".
Aznarren arabera, Ordoñezen oroimenak "terrorismoa garaitzeko ez dugula denbora galdu behar" gogorarazten digu, horrela, "Gregorio bezala, gure bizikidetza eta askatasunaren etsaien kontrako borrokan guztia eman dutenen ondarearekin ez amaitzeko".
Gobernuko presidente ohiak esan duenez, bere alderdiak PSErekin EAEn duen akordioa "itxaropenaz ikusten" du, PPren "eskuzabaltasunari ezker bete dena".
Omenaldian Javier Ruperez konsula eta Ordoñezen emaztea, Ana Iribar, eta arreba ere izan dira. Gregorio Ordoñez Fundazioak urtero egiten duen saria Justizia eta Duintasuna Elkarteari eman dio aurten. Antonio Basagoiti, EAEko PPko presidentea, eta bere hiru aurreko kargudunak, Maria San Gil, Carlos Iturgaiz eta Jaime Mayor Oreja Barne ministro ohia ere bertan izan dira.