Politika
Udal-hauteskundeak
Mendiak "bere siglak Batasunari emango dizkion" galdetu dio EAri
Erredakzioa
Urizarrek elkarrizketa batean adierazi duenez, hauteskudeetara ezker abertzalearekin joatea "aukeren artean dago". Maiorga Ramirez-en arabera, EAk "ez dizkio bere siglak inori emango".
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak, "datorren hauteskundeetan bere siglak Batasunari emateko asmoa" duen galdetu dio Eusko Alkartasunari.
Mendiak "indarkeria uztera" bultzatu du ezker abertzalea, "nagusia denean zer izan nahi duen, desagertu edo politika egin nahi duen" erabaki behar duela adieraziz.
EA hauteskundeetara ezker abertzalearekin batera aurkeztearen inguruan, Mendiaren ustez, "bakoitza nagusia da eta haien hautesleengan eta herriarentzat hoberena zer den" pentsatu behar dute.
Ezker abertzalearekin joatea "aukera bat da"
Berrian egindako elkarrizketa batean, hurrengo hauteskundeetara ezker abertzalearekin aurkeztearen aukera ez dutela alde batera utzi adierazi du Peio Urizar EAko idazkari nagusiak. "Etorkizunak erakutsiko digu ze aukera izango den posible. Noski, aukeren artean hauteskundeetan batera joatea ere badago".
Hala ere, Urizarrek adierazi duenez, "logikoena izango litzateke, besterik ez badago, alderdi bakoitzak bere zerrendak aurkeztea, baina, gure konpromisoa mahai gainean jarrita, itxaroten ari gara besteek zer esaten duten".
ETAren azken komunikatuaren inguruan, EAren ustez, ezker abertzale politikoa da ekimena hartu duena.
Mendiaren adierazpena "azpijokoa" da
Idoia Mendiak egindako adierazpenei erantzunez, Maiorga Ramirez Nafarroako EAko presidenteak bere alderdiak "siglak ez dizkiola ez Batasunari ezta inori emango" ziurtatu du. EAko ordezkarien ustez, Eusko Jaurlaritzaren adierazpen horiek "azpijokoa" dira.
Ramirezek dioenez, ez ditu Mendiarena bezalako adierazpenak "onartuko", eta "boterean era demokratikoki irregularrean" jarrita daudenen "urduritasuna eta kezka" islatzen dutela adierazi du.
EAko kideak "lanean" jarraituko dutela azpimarratu du presidente nafarrak, " alderdi politiko batek Euskal Herriarentzat egin dezakeen proposamen onena lortzeko".