Itxi

Politika

Nafarroan

Hildako errepublikarrak omendu dituzte Berriogoitiko hilerrian

Erredakzioa

Herri nafarreko udalbatzak eta Txinparta elkarteak plaka bat jarri dute San Cristobal gotorlekuan frankismoan hil ziren 13 preso errepublikarren oroimenez.

Frankismoaren garaian San Cristobal gotorlekuan hil ziren 13 preso errepublikarren omenaldia egin dute Berriogoitiko hilerrian (Nafarroan).

Herri nafarreko udalbatzak eta Txinparta elkarteak plaka bat jarri dute hildako errepublikarrak oroitzeko: lau galiziarrak ziren, beste lau Gaztela eta Leonekoak, Nafarroako bat, bizkaitar bat, Castellongo bat, Cuencako beste bat eta azkena portugaldarra. Erregistro zibilei esker jakin izan dute hildakoen gorpuen kokapena.

Erregistro horien bidez, elkarteak 204 preso inguruetako zein hilerritan lurperatuta dauden jakin izan du ere.

Guzitei plaka bat jarriko diete hilerri bakoitzeko sarreran haien izenekin Presidentziako Ministerioak ordainduta. Horrela, "haien senideek orain arte ezinezkoa izan den dolua egin ahal izango diete", adierazi du Mikel Otazu Txinpartako kideak.

Otazuren arabera, hilobi zehatzak ezin izan dituzte aurkitu, gorpu horien gainean beste pertsona batzuk lurperatu dituztelako urteetan zehar, eta arrazoi horregatik ez dituzte gorpuak lur azpitik ateratzeko asmorik.

Heriotza arrazoien inguruan, batzuk gosez eta tuberkulosia bezalako gaixotasunak jota hil zirela, gotorlekuaren egoera latzaren ondorioz, eta beste batzuk fusilatu egin zituztela adierazi du.