Politika
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ardanza: "EAJ eta PSEren arteko gobernu formula da egokiena"
Erredakzioa
Bestalde, "erabat ziur" agertu da Arnaldo Otegi "indarkeria behin-betiko amaitzeko lan serioa" egiten ari dela, "baina gelditzea agintzen badiote, dena amaitu da", adierazi du ETAri aipu eginez.
-
Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia Radio Euskadin.
Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak esan du "leialtasun instituzionalagatik" joango dela Patxi Lopez lehendakariak bera aholkatzeko aditu ekonomikoekin osatu nahi duen taldearen inguruko xehetasunak emateko bilerara.
Ildo horretan, eta lehendakariak aholkuren bat eskatuz gero, "herri honetan arazo bat" dagoela esango lioke, izan ere, "ez bakarrik abertzaleek, sozialisten zati batek ere ez du egungo Gobernu formula ulertzen".
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Ardanzak berretsi du bere iritzian EAJ-PSE izango litzatekeela "Gobernu formularik egokiena". EAEko herritarren ia % 70ak, martxoaren 1a baino lehen eta ondoren, jeltzaleen eta sozialisten arteko koalizioa nahi duela nabarmendu du.
Gainera, gogora ekarri du Euskobarometroaren arabera, herritarren % 70ak baino gehiago direla egungo Jaurlaritzaz fidatzen ez direnak. "Horrek arazo estrukturala dagoela erakusten du eta hori datu objektibo bat da", azaldu du.
Ezker abertzalearen hausnarketa
Ezker abertzalearen baitan egiten ari diren hausnarketaren harira, Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak esan du ez dela "prozesuetarako garaia, erabakiak hartzeko unea" dela azpimarratu du.
Ardanzak esan du orain arte "prozesu asko" egon direla eta Aljerreko elkarrizketak, Lizarra-Garazi eta Loiolako negoziazioak ekarri ditu gogora. Horietan guztietan ETAk "gelditzea" agindu zuela deitoratu du, berriro atentatuetara bueltatuta.
"Erabat ziur" agertu da Arnaldo Otegi "indarkeria behin-betiko amaitzeko lan serioa" egiten ari dela, "baina gelditzea agintzen badiote, dena amaitu da", adierazi du ETAri aipu eginez.
Horrenbestez, ezker abertzaleari prozesu berrietaz hitz egiten entzutearekin "aspertuta, nazkatuta eta etsita" dagoela esan du. "Ez da prozesuetarako garaia; erabakiak hartzeko unea da. Eta bi aukera daude: Edo ETAk armak uzten ditu edo ezker abertzalea ETArengandik aldentzea", nabarmendu du.