Gizartea
Mauritanian bahituta
Hiru kataluniarrak ondo daudela ziurtatu du Al Kaidak
Erredakzioa
Al Kaidako buruzagi batek nabarmendu du Espainiako Gobernuaren esku dagoela bahiketaren amaiera.
Al-Khadim Uld Seman Magreb Islamikoaren Al Kaidako bozeramaileak ziurtatu du Mauritainian bahituta dauzkaten borondatezko hiru lankide kataluniarrak ondo daudela eta konponbidea Espainiako Gobernuaren esku dagoela.
El Periodico egunkariari preso dagoen espetxetik eskainitako elkarrizketa batean, Al Kaidako buruzagiak adierazi du hiru kataluniarrei ez zaiela "ezer falta". "Ondo tratatzen ditugu, emakumea ere. Asko errespetatzen dugu. Ezin dugu ezta begietara ikusi ere, gure erlijioak agindu bezala", gaineratu du.
Seman kartzelan dago 2008 urtetik, hainbat delitu egotzita, tartean lau turista frantziar hiltzea.
Bere esanetan, konponbidea Espainiako Gobernuaren esku dago. Gainera, euren borroka ez dela Mendebaldearen kontra, baizik eta "Mendebaldearen esklabu den Mauritaniako Gobernu ustelaren kontrakoa" esan du.
Azarotik bahituta
Alicia Gamez, Albert Vilalta eta Roque Pascual Barcelona Accio Solidaria GKEko kideak azaroaren 29an bahitu zituzten, eta Magreb Islamikoaren Al Kaidak hartu zuen bere gain ekintza.
Hirurak ibilgailu batean zihoazen eraso egin zietenean.