Itxi

Politika

Polizia operazioa

Ares: "Ertzaintzak ETAko kideak atxilotzen jarraituko du"

Erredakzioa

Herrizaingo sailburuak esan du "argi eta garbi" dagoela atxilotutakoek Ondarroako komisariaren aurkako atentatuan parte hartu zutela.

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak adierazi du gaur Ertzaintza ez dela geldituko terrorismoarekin amaitu eta bakea eta askatasuna errotu arte Euskadin.

Aresek prentsaurrekoa eskaini du Erandioko komisariatik, gaur goizaldean Bizkaian eta Gipuzkoan gauzatutako polizia operazioaz informatzeko. Horretan, Ertzaintzak ETAko ustezko bost kide ''legal'' (fitxatu gabekoak) atxilotu ditu.

Horren ildotik, sailburuak azaldu du "argi eta garbi" daukatela bost atxilotutakoek 2008ko irailaren 21ean ETAk Ertzaintzaren Ondarroako komisariaren aurka egindako atentatuan parte hartu zutela. Horietako batzuk halabeharrezko laguntzaile gisa, eta gainerakoak egile gisa.

Halaber, Azpeitiko (Gipuzkoa) errepikagailuaren eta Abiadura Handiko Trenaren obretako makinen aurka egitea ere egotzi dizkie.

Aresek zoriondu egin du Ertzaintza osoa, batik bat terrorismoaren aurkako talde berria, operazio honetan "lan ona" egin baitute.

Halaber, euskal gizarteari zuzendu zaio, eta EAEko Poliziak "atseden barik" lanean jarraituko duela esan du.

"ETAko kideak atxilotzen jarraituko dugu, beste poliziekin lankidetza hobetuz eta eragingarriagoa izanez, eta ez gara geldituko behin betiko terrorismoarekin amaitu eta Euskadin bakea eta askatasuna errotu arte", gaineratu du.