Itxi

Ekonomia

% 0,1eko hazkuntza izan du

Erresuma Batuak atzeraldi ekonomikoa gainditu du

Erredakzioa

2009ko azken hiru hileetan Erresuma Batuko Barne Produktu Gordinak % 0,1eko igoera izan zuen, hazkuntza txikia, baina aldi berean nahikoa atzeralditik ateratzeko.

Erresuma Batua, gutxigatik, baina atzeraldi ekonomikotik atera da. 2008ko udaberritik hazkuntza negatiboa izan ostean, 2009ko azken hiru hileetan % 0,1eko hazkundea izan zuen Erresuma Batuko Barne Produktu Gordinak.

Estatistiken Bulegoak gaur zabaldutako datuak aintzat hartuta, BPGren hazkuntza hasiera batean aurreikusitakoa baino txikiagoa izan da, izan ere, adituek igoera % 0,4koa izango zela iragarri zuten.

Azken txanpan izandako hazkuntza kenduta, 2009an % 4,8ko geldialdi ekonomikoa izan zuten Erresuma Batuan, 1949. urtetik jasan duten handiena.

Atzeraldia hasi zenetik, 2008ko bigarren hiruhilekotik, % 6ko geldialdi ekonomikoa izan dute.

BPGren datuak emateko agerraldi berezia egin dute Estatistika Bulegoko arduradunek Londresen. Ez ohikoa da horrelako datuak emateko prentsaurrekoak ematea.