Gizartea
Administrazio Kontseilua
Suriok programazio berria aurkeztu du
Erredakzioa
Bestalde, Patxi Arratibel EITBko Estrategia zuzendariak 2009ko audientzien berri ere eman du. ETBk % 16,9ko audientzia tartearekin itxi du urtea.
Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak astearte honetan, urtarrilaren 26an, ETBko programazio berria aurkeztu du Administrazio Kontseiluaren aurrean. Bestalde, Patxi Arratibel EITBko Estrategia zuzendariak 2009ko audientzien berri ere eman du bilera horretan.
Joan zen ostiralean komunikabideen aurrean aurkeztu zen programazio berriaren ildo nagusiak azaldu ditu Alberto Suriok. ETB-2n esate baterako, ''Euskadi Directo'' albistegia izango da Miriam Duquek aurkeztuta otsailaren 8tik aurrera. Horrekin batera datorren astelehenean, Oscar Terolen eskutik ''Uyyyyy!'' kirola eta umorea uztartzen dituen saioa izango da eta laster Antxon Urrosolok arratsaldeetan gidatuko duen ''Aspaldiko'' izeneko tartea. Abian da, dagoeneko, halaber, ''El Conquis, la aventura'' Patagoniako erreality arrakastatsuaren inguruko eztabaida programa.
ETB-1en gainera, ''Wazemank 3.0'' umore saioaren atalak otsailaren 3an jarriko dira abian eta datorren astelehenean ''Kerman, Mintzalagun Bila'' euskara sustatzeko tartea ETB-1 eta ETB-2n.
Programazio berriaren baitan, astelehenetik ETB-1en esku pilota tarte berria dugu ikusgai. Beste nobedade bat ere azaldu da Administrazio Kontseiluan: ''Gaur Egun'' eta ''Teleberri'' albistegiek estreinatu dituzten dekoratu berriak.
Audientziak
Bestalde, Patxi Arratibel EITBko Estrategia zuzendariak 2009 audientzien berri ere eman du Administrazio Kontseiluko bileran. Telebistari dagokionez, ETBk % 16,9ko audientzia zatiarekin itxi du urtea. Albistegiek audientzia lider izan dira eta ''Teleberri'' albistegiak, bataz beste, 125.000 ikusentzule eskuratu ditu edizio guztietan.
Goi mailako kirola ematearen alde ETB-1en egindako apustua ere azpimarragarria da. Batez ere, Txapeldunen Ligako emanaldiak izandako audientzia nabarmentzen da, % 21,5ko sharea, hain zuzen ere.
EITBko irrati taldearen datuei dagokionez, %12,5 igo dira orotara iazko datuekin alderatuz gero CIES audientzia neurtzen duen enpresak emandako datuen arabera. Guztira, 478.000 entzule dituzte egunero EITBko irratiek EAE eta Nafarroan.
Interneteko audientziei buruz, 2009. urtea eitb.com webgunearen sendotze urtea izan da, hilabetean 7.354961 orrialde ikusi izan ditu.