Ekonomia
Balantzea
BBVAren etekin garbia % 16,1 murriztu zen 2009an
Erredakzioa
Banketxeak 4.210 milioi euro irabazi zituen, aurreko urtean baino ia mila milioi gutxiago. AEBetan 1.071 milioi euro galdu zituen; 2008an, berriz, 211 milioi euroko irabaziak izan zituen.
BBVAk 4.210 milioi euroko irabazi garbia izan zuen 2009an, aurreko urteko 5.020 milioi euroko etekina baino % 16,1 gutxiago, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak gaur jakitera eman duenez.
Aparteko diru-sarrerak eta hornidurara bideratutako dirua kontuan izan gabe, Espainiako Estatuko bigarren bankuak 5.260 milioi euro irabazi zituen iaz.
2009an, BBVAk 6.572 milioi euro bideratu zituen saneamendura, hornidurara eta beste aparteko gai batzuetara, horietako asko borondatez egindako operazioak izan ziren, "2010erako espero den egoera zailari aurre egiteko baldintzak eskuratzea" helburu.
Zehazki esanda, BBVAk 1.411 milioi gastatu zituen Espainiako Estatuko, AEBetako eta Mexikoko kredituen saneamendurako; beste 551 milioi euro aurrejubilazioetarako eta 100 milioi higiezinen balioen aldaketak orekatzeko.
Bezeroei emandako kredituak % 3,1 murriztu ziren, 332.162 milioi euro arte; eta bezeroen baliabideak 371.999 milioira iritsi ziren, 2008an baino % 1,2 gutxiago.
Dirua galdu zuen AEBetan
Negozioka, Espainiako Estatuari eta Portugali dagokion etekina % 7,5 murriztu zen 2.373 milioi eurora arte; Mexikon 1.359 milioi irabazi zituen, % 29,91 gutxiago, eta AEBetan 1.071 milioi euro galdu zituen, 2008an, berriz, 211 milioi euro irabazi zituen.