Itxi

Erreportajeak

Erreportajea

Musu-truk bizi Interneti esker

Amaia Akordagoitia

Krisiari aurre egiteko modua topatzen ez baduzu eta zure zaletasunei eta gutiziei uko egin nahi ez badiezu, sar zaitez Interneten eta musu-truk bizitzeko proposamen eta aukera ugari aurkituko dituzu.

Gaur egun, dohain bizitzea ez da ez zaila eta ezta lotsagabea ere. Internetek musu-truk bizitzeko aukerak aurkezten dituzten webgune ugari denon eskura jartzen ditu. Sarean, bidaiatzeko, jateko edo kontzertu on batekin gozatzeko proposamenak topatuko dituzu. Krisiak gogor jotzen duenean eta poltsikoa estutzen duenean, Internet 0 euroko balioa duten aukera ekonomikoak topatzeko leku bikaina da.

Munduari itzulera 0 euroren truke

Erosketetan aurreztea ez da ezinezkoa, doan jan dezakezu eta! Horrela adierazten du www.comerporlapatilla.com webguneak. Blog horrek zure inguruko herrialdeetan "dohainik antolatzen diren jai gastronomiko guztien berri ematen" du. Horrelako webgune gehiago ere aurkitu ditzakezu, musu-truk jateko benetako gonbidapen bat da. Herri batek "dastatze bat debalde antolatzen duenean, helburua ahalik eta jende gehien biltzea da", comerporlapatilla.com-en adierazten dutenaren arabera. Hortaz, "antolatzen dutenek eta bertaratzen direnek irabazten dute", gaineratzen dute.

Krisiaren beste ondorioetako bat, azkenean, beharrezkoak diren gauzei lehentasuna eman eta gutiziak alde batera utzi behar direla da. Internetek doan bidaiatzeko aukera ugari eskaintzen dizkigu. www.hitchhikers.org auto-stop egiteko webgune bat da. Bi aukera eskaintzen dituzte: alde batetik, zure kotxean lekua izanez gero, bertan joateko gonbidapena egitea da eta, bestetik, antolatuta dauden bidai horietako batean, ibilgailuan beste pertsona batentzako lekua badago, ibilbide horretan izen ematea. Parte hartzeko modua oso erraza da, lekua izanez gero, bidaia egiteko aukera izango duzu. Konpainia da gidariak kobratzen duen tarifa bakarra.

Ostatuak arduratzen bazaitu, irtenbideak ere badira. Etxeko berotasuna 0 euroren truke bilatzen baduzu, Extrabed da zure aukera. Zure ohea trukatzeko era bat da. "Bloggari bati zure bigarren ohea eskaintzen badiozu, tratua zu bere herrira joanez gero berak ere ohe bat eskaintzea da", azaltzen du webguneak. Horrez gain, www.helpexchange.net ere bisita dezakezu. Kasu horretan, hainbat landetxe ekologiko biltzen dituen zerrenda bat eskaintzen du eta bertan gelditzeko eguneroko lanean lagundu behar da. Azkenean, esperientzia kultura hartu-eman bat bihurtzen da.

Trukearen errekuperazioa

Gizakiak beti izan du behar ez duen baina gordetzen dituen gauza horiek eman eta benetan nahi dituen horiengatik aldatzeko beharra. Horrela, Internet sortu zenetik, trukea ez da atzean gelditu eta sarera egokitu da.

Hartu-emana egiteko laguntzen duen E-Trukeari buruz ari gara. Gaur egun, sarean badira trukea egin nahi dutenak harremanetan jartzen dituzten doako plataformak. Adibide horietako bi http://truequi.com eta http://nolotiro.com dira.

Hala ere, jaso besterik ez baduzu nahi, www.muestrasgratis.com webgunean sartu. Orrialde horretan, bere izenak adierazten duen bezala, "hainbat opari eta erakusgai debalde eskuratu ahalko dituzu", azaldu dute.

Aisia

Spotify webgunea musika debalde entzuteko moduetako bat d. Abestiak streaming moduan ntzuteko aplikazio bat da. Spotifyk artistaren, diskoaren edo erreprodukzio zerrenden araberako bilaketak egiteko aukera ematen du.

Interesatzen zaizuna musika zuzenean entzutea bada, Fnacek disko berrien aurkezpenak eta kontzertu akustikoak maiz antolatzen ditu. Gertuen duzun dendaren agenda kulturalean sartu eta prestatutako egitarau begiratu besterik ez duzu egin behar. Beste aukera bat www.myspace.com/sesionesmyspace orrialdera jotzea da. Bertan ere doako zuzenekoak antolatzen dituzte. Hitzordu horietara joateko, myspace bat egin, sesio horien lagun egin eta, azkenik, zure profila inprimatu beharko duzu. Lehenbailehen egitea komenigarria da, izan ere, aretoetako edukiera mugatua izaten da.

Irakurtzea nahiago baduzu, http://www.bookcrossing-spain.com/ bisitatu. Azken urteetan asko garatu den joera da hau eta bere helburua "mundua liburutegi handi bat izatea da". Zure liburuetako bat Bookcrossing zirkuituan sartu nahi baduzu, webgunean izen eman eta liburu hori liberatu behar duzu. Bestalde, interesatzen zaizuna irakurketa berriak non topatu ditzakezun jakitea bada, webgunean sartu eta gertuen dituzun Bookcrossing guneak begiratu behar dituzu.