Politika
'Clearstream auzia'
Absolbitu egin dute Villepin Frantziako lehen ministro ohia
Erredakzioa
Zenbaiten (Nicolas Sarkozy, besteak beste) izen ona zikintzeko asmoz, legez kanpoko komisioak jaso zituzten pertsonen zerrenda faltsu bat egitea leporatzen zioten.
Dominique de Villepin Frantziako lehen ministro ohia absolbitu egin dute gaur ''Clearstream auzia''ren baitan. Zenbaiten (Nicolas Sarkozy, besteak beste) izen ona zikintzeko asmoz, legez kanpoko komisioak jaso zituzten pertsonen zerrenda faltsu bat egitea leporatzen zioten.
Pariseko Auzitegiaren ebazpenaren arabera, Villepinek ez zekien Jean-Louis Gergorinek (zigor handiena jasoko duen auzipetua) aurkeztu zizkion zerrendak faltsuak zirela.
Lehen ministro ohiak irabazi egin dio, beraz, epaitegietan Sarkozyri. Izan ere, presidente frantziarra zen akusazio partikularra ''Clearstream auzia''n eta, abokatuen bitartez, errudun nagusia Villepin zela salatzen zuen.
Epaileek erabaki dute Gobernuko buru ohia ezin zela tramaren asmatzaile izan, instrukzioko epaileek esaten zuten moduan, ez baitzekien zerrendak faltsuak zirela.
Arrazoi horrexegatik, Auzitegiak uste du Villepin ezin zela errudun izan, Fiskaltzak pentsatzen zuenaren kontra. Azken horrek 18 urteko kartzela-zigorra edo 45.000 euroko isuna eskatu zuen.
Ministerio Publikoaren arabera, Villepinek 2004tik zuen azpijokoaren berri eta ez zuen ezer egin geldiarazteko, eta "isiltasun" horrek konplize egingo luke.
Baina epaileek ez dute frogatutzat jotzen orduan Atzerri ministro zenak zerrendak faltsuak zirela zekienik.
Gergorin, auzipetu nagusia
Epaileek Gergoriri egotzi diote iruzurra egitearen errua eta salaketa kalumniatsua eta dokumentu faltsuak erabiltzea leporatu diote.
Akusazioak azpijokoaren sustatzailea izan zela zioen, pertsona jakin batzuen izena zikintzeko zerrenda faltsu horiek egitea eta prentsari bidaltzea bere ideia izan zelakoan.
Baina, antolatzailea Gergorin izan bazen ere, Imad Lahoud informatikaria izan zen haren aginduz zerrenda faltsuak egin zituena, akusazioaren esanetan. Hori horrela, konplize izateagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik zigortuko dute.
Florian Bourgues auditore ohiari benetako zerrendak lapurtzea egotzi diote eta Denis Robert, prentsan zerrenden berri eman zuena, absolbitu egin dute.